Gidari bat atxilotu dute Getxon, edanda, ume bat harrapatzea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 29a, 20:27

Getxoko Udaltzaingoak 43 urteko gidari bat atxilotu zuen atzo, asteartea, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzita. Gertaera Makaleta Etorbidea eta Ollarretxe kalearen arteko biribilgunean izan zen, auto bateko gidariak bertan dagoen oinezkoen pasabidea bizikletaz zeharkatzen ari zen umea harrapatu zuenean. Kolpearen ondorioz, 11 urteko mutikoa Gurutzetako erietxera eraman zuten, esku batean zauri arinak baino ez bazituen ere, mediku-azterketa sakonagoa egiteko. Amak lagundu zuen. Udal iturriek diotenez, ibilgailuko gidaria edanda zegoenaren seinaleak argiak zirenez, alkohol-kontrola egin zitzaion arnasa botata, 0,48mg/l-ko emaitza argituz, baimendutakoaren bikoitza. Gidariaren egoera psikofisikoa ikusita ere, atxilotu egin zuten. Gaineratu dutenez, atxilo eramandako gidaria duela gutxi kondenatu zuten bide-segurtasunaren aurkako beste delitu batengatik. Zigorraren ondorioz gidabaimena ere kendu zioten eta zigor hori beteta bazuen ere, gidariak ez zeukan eginda bide-sentsibilizazio eta berreziketarako ikastaroa. Horregatik salaketa administratiboa ipini zioten. Getxoko Udaltzaingoak Agintaritza Judizialaren esku utziko du atxilotua, istripua ikertzeko polizia-eginbideak amaitutakoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun