Hego Euskal Herrian gaurko deitutako greba orokorra "jarraipen zabala" izaten ari da lehenengo orduetan, goizeko 7:44ean ohar baten bidez sindikatuek jakinarazi dutenez. ELA, LAB, ESK, STEE, EHNE, Hiru, CNT eta CGT langileen zentralen arabera, "aurreneko balorazio batean greba erantzun zabala jasotzen ari dela baiezta dezakegu". Orokorrean, industrian jarraipen zabala du, gehienbat enpresa handietan. Irakaskuntzari dagokionez, grebak atxikimendu ugari jasoko ditu, "kontuan hartzen baditugu ikastetxe bakoitzeko aurreko eguneko asanbladen emaitzak". EITBn grebaren deialdiak babes oso handia jaso du, "gutxieneko zerbitzuak bakarrik bete direlarik". Bizkaiari dagokionez, industrian "eragin handia" izaten ari da greba. Eskualde ezberdinetako enpresa esanguratsuak greban daude. Adibide gisa, Leioako Unilever, Estampaciones Metálicas Bizkaia, CIE Udalbide, Camelot, Ormazabal, Mesa, Tecnicas Hidraulicas, EGT, MFS Trapaga Sintering, Gea Iberica, Tecnichapa eta beste batzuk itxi dute. Cemosa, Mead, Cementos Lemona eta Arkema greban dira. Grebara gehitu dira ere Cafes Baque, Artiach, Ekonor, Hijos de Lorenzo Sancho eta abar luze bat. Argazkian, enpresetakoak eta ikastetxetakoak ez bezala auzoetako piketeak goizeko 8etan hasiko dira hainbat herritan. Irudian Leioako pikete informatibo bat artxiboko irudian.