Lehen greba orokorra izan da gaur gazte askorentzat. Goizean, 30 ertzain inguru Romo-Artatza institutuan zeuden ikasleei oldartu zaizkie, Avanzadako errotondan auto ilara luzeak sortuz. Jarrera hori ikusita, grebaren aldeko piketearekin bat egitea erabaki dute neska-mutilek, holako deialdi batean Itzubaltzetan aspaldidanik ikusi den jende multzoa osatuz. Grebaren aldekoek Lanbidek Areetan duen bulegoa okupatu dutenean ere, bertara sartu dira ertzainak. Hasiera batean, isiltzeko esan diete piketeko kideei poliziek eta haiek "Murrizketak Ertzaintzan" aldarriaz erantzun diete. Iñigo Cabacas zenaren aldeko oihuak ere izan dira. Irtetean, baina, borrekin kolpatuz oldartu zaizkie ertzainek, hainbat zauritu eraginez eta lagun bat erretenituz. Cabacasen hilketa gogoratu dien lagun bat jipoitzera joan da Ertzaintza. Ez dute lortu eta hainbat lagun kolpatu eta beste bat hartu dute. Akabuan, askatu egin dute Areetan atzemandako gaztea. Sorbaldan borraz eman diote hartu aurretik. Ondoren, identifikatu eta irain salaketa jarri diote. Beste lagun bat ere identifikatu du Ertzaintzak. Itzubaltzetan gaurko egunaren jarraipena %95ekoa izaten ari da greba batzordearen arabera. Areetan, berriz, aurreko deialdietan baino gehiagokoa. Argazkian, Areetan harrapatutako gazteetako bat.