Orain arte bildutako datuen arabera, Berangon saltoki guztiak itxi dituzte, Eroski merkatalgunea izan ezik. Bitartean, Alconza enpresan ez zen mugimendu handirik. Plentziari dagokionez, portuaren inguruan jarraipen handia izaten ari da gaurko grebak. Udalerriko beste lekuetan, ordea, txikiagoa. Sopela, berriz, ia erabat itxita dago: taberna bat, pare bat denda, farmazia... zabalik. Larrabasterran ere taberna eta denda gehienak itxita daude. Urdulizekin jarraituz, grebak jarraipen handia izaten ari da ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan. Industrialdean, ordea, iaz baino gutxiago. Bitartean, EHUren campusetan %90ean kokatu du grebaren jarraipena LABek. Leioa eta Erandioko campusean eskola eta azterketa ia batere ez zegoen, langile oso gutxi, eta kafetegiak itxita zeuden. Argazkian, eguerdiko mobilizazio jendetsua izan da Leioan.