Azkenik iritsi naiz, bai, pikete eta manifestazioak zeuden lekura. Azken hiru, lau, bost, sei... grebetako mobilizazio plan bera, aurrekoetako parte-hartzaile kopuru bertsua –gaur behintzat ausartuko naiz zifra bat ematen: manifestazio nagusian, 8.000 lagun inguru–, baina aldaketa nabarmen bi. Aspaldiko partez, ELA eta LABeko idazkari nagusiak beste hiri batean egon dira. Eta bestetik, krisia hasi zenetik erreforma edo neurri konkretu batek protagonismoa ez duen lehenbiziko greba orokorra da (buruz ari naiz). EAEn aldatu dena, batez ere –ez da horren gaineko aipamenik falta izan–, Lakuako maizterra da.
Bestea, aldatu baino, okertu egin da. Egoera luzatzen ari delako egin dut nik gaur greba, langabetu kopuruak gora segitzen duelako eta ez dirudielako jaisten hasiko denik, irailean gaizki zeuden asko egoera dramatikoan daudelako orain, eta gehiago izango direlako datorren irailean... Hiru astero greba orokor bat egiteko arrazoiak daudelako egiten ditugu zazpi hilero.
Burutazio horietan galduta, Sonia Gonzalezen agerraldiari arreta eskaintzea ahaztu zait. Azken esaldietako bat harrapatu diot sikiera: esan du krisiaren ostean geratuko den eredu soziala dagoela jokoan, esan nahi baita langileek protagonismoa eta erabakitzeko ahalmena eskuratzearren borrokatu beharko dutela, aldaketa prozesu hau ematen den bitartean. Krisiak amaiera izango duela uste du behintzat, eta hori bada zerbait.
Sopelan bizi den Unai Brea kazetari berangoztarrak gaur Argia.com-en argitaratutako artikulua.
[cc-by-sa