Hego Euskal Herriko beste eskualdeetan bezala, Uribe Kosta eta Erandioko herrietako greba batzordeek ehunaka auzokide eraman dute kalera arratsaldean zehar. Alde batetik, piketeak izan dira hainbat orduz Leioako Artea merkataritza gunean. Dozenaka lagunek ez dira zentroan sartu, zuzendaritzak itxi egin baitu. Gauza bera gertatu da Forum eta inguruko enpresetan. Ertzaintzak zelatatu ditu sindikalistak, baina ez ditu goizeko oldarraldiak errepikatu eta hortaz, lasaitasuna izan da nagusi. Bezero gutxi izan dira gunean eta gutxika-gutxika joan dira, ateak zabalduko ez zietela ikusita. Bestalde, ehunaka auzokidek bat egin dute arratsaldeko 5 manifestazioekin. Leioan, 140 bat izan dira; Plentzian eta Erandion, 150na; Itzubaltzeta / Romon 200 baino gehiago eta Algortan, berriz, eskualdeko martxarik handiena batu da, 230 bat lagun bilduta. Murrizketaren aurkako jarrera agertu, lanpostu duinak aldarrikatu eta politika ekonomiko eta sozialak aldatzeko beharra nabarmendu dituzte 900 bat grebalariek, borroka eraginkorra dela azalduz. Leioan, soldata %15 murriztu ez diezaieten greba mugagabean diren Pinuetako Amaia Car Gazteluko beharginak izan dira. Itzubaltzeta / Romon, ordea, eskerrak eman dizkiete gaur "ahalegina handia egin" eta dendak itxi dituzten dendariei eta baita egun jarrera "eredugarria" izan duten institutuko ikasle gazteei. Argazkian, Algortako manifestazioa.