Poliziaren arabera, salatutako ekintza guztiak antzeko modus operandi-a erabiliz egin ziren eta gertaeren egilearen ezaugarri fisikoak bat zetozen. Jazarleak 11 eta 15 urte bitarteko neska uniformedunak erasotzen zituen kalean, normalean, goizean goiz, autobus geltokian edo ikastetxerako bidean zeudenean. "Lehenengo, arreta pizten zien, telefono mugikor bateko pantaila erakutsiz, non gizonen genitalen irudiak agertzen ziren. Gero, kasu batzuetan, ukitze sexualak egitera iristen zen, haiek ihes egin baino lehen", ertzainek azaldu dutenez.
Salatzaileek emandako informazioaz, Ertzaintzako Polizia Zientifikoko Unitateak erretratu robot bat egin zuen eta ikastetxe, autobus geltoki eta gertaerak jazotako lekuen inguruetan kalez jantzitako ertzainez osatutako zaintza-dispositiboak ezarri ziren, betiere eragindako herrietako udaltzaingoekin elkarlanean eta inguruko ikastetxeetako arduradunen laguntzaz.
Ostegun goizean, aipatutako dispositiboa osatzen zuten ertzainek susmagarria atxilotu ahal izan zuten, Areetan ikastetxeko autobusaren geltokian zain zegoen neska gazte batengana hurbildu eta hari gona altxatu zionean. Patruilak gelditzeko agintzean, ihes egiten eta irudiak gordetzen zituen telefonoaz libratzen ahalegindu zen, bertsio polizialaren arabera. Beraz, jazarraldi labur baten ondoren harrapatu zuten.
Udaltzaingoko kide batek berreskuratu zuen telefonoa eta, handik gertu zegoen susmagarriaren autoan ertzainek telefonokoaren antzeko beste grabaketa pornografiko bat gordetzen zuen argazki kamera bat aurkitu ei zuten. Atxilotuak haur-pornografia delituagatiko aurrekariak omen dauzka eta Ertzaintzaren herri horretako bulegoetara eraman zuten, beharrezko eginbideak egiteko. Epaileen aurrera eramanda, magistratuak eguerdian agindu du espetxeratzea.
Bestalde, Ertzaintzak dispositiboan parte hartu duten udaltzaingoen laguntza eskertu du, baita polizia-lana erraztu duten aita, ama eta ikastetxeetako arduradunen diskrezioa eta elkarlana ere.