Plaza Beltza kolektiboak, eta bertan lan egiten dutenak, tartean Uribe Kostako Agroasanbladak eta Sopelako kontsumo taldeak, herriko ekimenetan parte hartzen segituko dute "orain arte bezala". Ekainean zehar, lokalaren erabilerari dagokionez, hainbat jarduerek jarraituko dute: kontsumo taldeak, ogia, programatutako bilerak, eta abar. "Kasu horietan ordutegia ez da ohikoa izango, beharretera mugatutakoa baizik", aurreikusi dutenez.
Bestalde, Plaza Beltzako liburutegitik hartutako eta ez itzulitako maileguak bueltatzeko, banan banan kontaktuan jartzen saiatuko dira. Bestelako galderarik edukiz gero, Plaza Beltzako kideekin harremanetan jartzea eskatu dute.
Plaza Beltza kolektiboa 2006ko udazkenean sortu zen, "kultura plazaratzeko eta ideiak zabaltzeko" asmoz, eta 2006ko abenduaren 23an burutu zuen bere lehenengo ekimena, bigarren eskuko liburu azokatxoa. Hasieratik lokala irekitzea izan zuten jomugatzat eta hasiera batean, helburu horrekin dirua irabazteko liburu azokak eta jaiak izan zituzten hizpide. Lokala hitzartuta, lan luzea izan zuten aretoa egokitzeko, taldea sortu eta hiru urtetara estreinatu zutela. Handik aurrera, makina bat ekitaldi burutu dituzte, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, bideo-forumak eta baita kontzertuak ere, dena Sopelari kultur, politika eta jendarte topagune parte-hartzailea emateko zein irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz. Urteetan batutako kalitatezko materialari Likiniano eta Gatazka proiektuek utzitako liburu, aldizkari, fanzine eta DVD bildumak batu zitzaizkion ere, liburutegi oso hornitua baina bisita gutxikoa osatuz.