Metroko geltokietan dohaintzan emandako kopuru hori ez da eskudirutan izan, Creditrans txartelen bidez baizik; diru hori "oso lagungarria izango da erakunde horietako boluntarioentzat, Bizkaian zehar elkartasun proiektuak aurrera atera ahal izateko", Metro Bilbaoren ustez. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusia, Itziar Garamendi Garraio eta Herri Lanetako diputatua eta Manu Tejada BGPko Zuzendari Nagusiak eman dituzte Creditrans erraldoiak, BGPren Bilboko egoitzan egindako ekitaldian.
Metro Bilbaok eta BGPk 2010eko maiatzean abiatu zuten “Zure txartelaren zati batek beste helburu bat du” izeneko elkartasun kanpaina berritzailea. Horren bitartez, garraio publikoaren bezeroek dohaintzan eman ahal zizkioten Creditrans, Gizatrans edo Hirukotrans txartelen hondarrak GKEren bati. Ekimen solidario hori BGP eta Metro Bilbaoren gizarte erantzukizun korporatiboko politikaren baitan kokatu dute. Enpresek eskerrak eman dituzte metroaren milaka bezero anonimok egindako keinu solidario horrengatik.
Uribe Kosta elkartea
Adimen-urritasuna duten pertsonen guraso talde baten ahaleginari esker sortu zen, 1976an, Uribe Kostan pertsona horiei arreta egokia emateko zerbitzuak ezartzeko helburuarekin. Bere egitekoa adimen-urritasuna duten pertsonen eta beren familien bizi-kalitatea hobetzeko laguntzak eta aukerak ematea da. Horretarako, pertsona horien gizarteratzea eta gizarte solidario eta bidezkoago bat sustatzen dira. 2012an adimen-urritasuna duten 250 pertsona baino gehiagori eta horien familiei eman zitzaien arreta.
Gorabide
50 urte daramatza adimen-urritasuna daukaten Bizkaiko pertsonen eta beren familien bizi-kalitatea hobetzearen alde lanean, pertsona horiek herritar bezala dituzten eskubideen defentsan. Gorabideren egitekoa da adimen-urritasuna duten Bizkaiko pertsonen eta beren familien bizi-kalitatea hobetzea, kalitatezko laguntza eta erantzun aurreratuak emanez, konpromiso etiko baten izenean eta gizarte bidezkoago eta solidarioago bat sustatuz.
Peñascal Fundazioa
Gizarte, hezkuntza eta lan mailan kaltetuen dauden pertsonei zuzendutako jarduerak burutzen dituzte. Horretarako, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden gazteentzako tailerrak antolatzen dituzte. Hezkuntza integrala planteatzen dute, bizimodu autonomoa eramateko gai diren pertsonei prestakuntza emateko helburuarekin, gero eta lehiakor eta espezializatuagoa den lan-merkatu batean integratzeko gai izan daitezen.
Irrikiclown
Irabazi asmorik gabeko pailazo elkarte bat da. Bilbon daukate egoitza eta esku-hartze sozio-komunitarioko hainbat jarduera egiten dituzte, batez ere Gurutzetako ospitalean. Hirugarren adinekoen egoitzak eta Basurtuko ospitalea ere bisitatu dituzte, eta kalejirak egin dituzte hainbat ekitalditan, hala nola urritasunaren egunean. Elkartea boluntarioz osatuta dago eta etengabeko prestakuntza jasotzen ari dira, bai maila artistikoan, baita hazkuntza pertsonalari dagokionez ere. Irrikiclown osatzen duten pertsonek sudurrean jartzen dute bihotza. Barreterapiaren ideia hau aldarrikatzen dute: “Laguntzea sudur-puntan dago”.
Elikagaien Bankua
Irabazi asmorik gabeko erakundea da. Boluntarioz osatuta dago eta bere funtzio nagusia egoera onean dauden eta bota egingo diren elikagaien soberakinak lortu eta aprobetxatzea da, behartsuenei emateko. Horrela elikagaiak xahutzea saihesten da eta elkartasuna eta giza eta kultura balioak sustatzen dira, elikagaien soberakinaren eta pobreziaren arteko kontraesan handi hori konpontzeko.