Gehiengo handi batek bat egin du gai ezberdinei buruz egin diren diagnostikoen inguruan: Garraioak, etxebizitza, laborantza, turismoa, ekonomia, kultura, euskara edota Euskal Herriko gainerako lurraldeekin izan beharreko harremanetan. Egungo egoera ez da jasangarria, ezin dugu horrela segitu.
Krisi soziala, ekonomikoa, politikoa zein ekologikoa nagusi dira egungo errealitatean. Gure betekizuna eta ardura dira denboran iraungo duten alternatibak sortzea. Bide horretan doa eskumen bereziak izanen dituen lurralde elkargoaren aldarrikapena eta lorpena.
Ezagutza instituzionala izateak, Ipar Euskal Herriak harreman sozio-ekonomikorako gune propio bat izatearekin sinonimoa izan behar du, zeinean, erronka sozial, ekologiko eta ekonomikoetaz eztabaidatu eta erabakiak hartuko diren.
Joan den maiatzaren 25ean, LAB sindikatuak egin afiliatuen batzarrean, negoziazio kolektiborako gune propio baten beharra aldarrikatu zuen, gune honen helburua zera izanik: Ipar Euskal Herriko langileoi egin erasoei bertatik erantzun ahal izatea; bertako langileek bertako langileentzat alternatiba sinesgarri eta egokituak sortzea.
Euskal Herriko historiak erakutsi izan digun bezala, jakina da, kolektiboki eta indibidualki egindako mobilizazioek ahalbidetu digutela aitzina egiten.
Estatus berezitua izanen duen lurralde elkargo baten alde, negoziazio kolektiborako bertako gune propio baten alde, bertan erabakitzearen alde, ekainaren 1ean, arratsaldeko 17:00etan, atera gaitezen denak karrikara, Ipar Euskal Herriak lurralde elkargoa izatearen alde!
LAB sindikatua
Lurralde elkargoari buruz ekoiztutako bideoa (cc-by-sa Sortu)