Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK, baina Gesto por la Paz espainolezko izenagatik ezaguna), azken ekitaldia egingo du bihar, larunbata, eguerdian Bilboko Plaza Biribilean, 28 urteko ibilbidea egin eta gero. Bakearen Aldeko Koordinakundeko kideek
maiatzaren 4an erabaki zuten desegitea, XXV. Batzar Nagusian. Besteak beste, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Jonan Fernandez, Monika Hernando eta Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako karguak eta EAJ, PSE-EE, EA eta Ezker Batua alderdien ordezkariak joango dira elkarretaratzera, BAKek zabaldu duenez. Dena dela, PPko eta UPyDko kideak ere joatea espero dute antolatzaileek. Itziar Aspuru bozeramaileak gaur emandako azken prentsaurrekoan azaldu duenez, BAKek liburu bat argitaratu du egindako lana laburbiltzeko. ETAk jardun armatua behin betiko utzi duela, oraindik ere "erronka garrantzitsu asko" daudela ohartarazi du Aspuruk. Horren ildotik, bizikidetza berreskuratzea, biktimekin "bidezkoa" den "oroimen eta kontakizun" bat ezartzea aipatu ditu. Halaber, ETAri desegitea eskatu dio. Argazkian, Koordinakundeak 2000ko apirilaren 2an Algortan antolatutako mobilizazioa jazarpen indarkeriaren aurka / © BAK.