Gaur, larunbatarekin, Bizkaiko trikitilariek festa handia izango dute Plentziako hiribilduan. Haiekin batera izango dira, jakina, ohiko bidelagunak diren pandero joleak eta baita ikasle, irakasle eta zaletuak ere.
BITE Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatuta, eguerdian Eleiz plazan batuko dira lurralde osoko trikitilariak, elkarren berri izateko zein nagienak itxaroteko. Izan ere, 12:30ean kalejirei zein trikipoteoari hasiera emango diete, herrigunetik hasieran eta portuaren inguruetan geroago. Trikitixaren soinuak zabaldu, koplak abestu, dantzara animatu, herria alaitu eta zintzurrak busti ondoren, sabela betetzeko txanda helduko da. Arratsaldeko 4etan, Jai Alai frontoian batuko dira berriz trikitilari eta pandero jole guztiak familian bazkaltzeko. Eguna dantzaz ere amaitzeko, erromeria izango dute Astillero plazan, arratsaldeko 7etan. Bertan, Ipar Euskal Herriko
Saltoka laukoteak mutxikoak, arin-arinak, fandango, eta Euskal Herriko zein kanpoko dantza zahar eta berrien bidez oinak eta gerriak astindu araziko ditu. Gustukoak izanez gero, haiekin dantzatzeko beste aukera bat izango da ekainaren 29an, Sopelako jaien baitan. Argazkian, 2010ean Algortan burutu zen Bizkaiko Trikitixa Eguna / © BITE.