Gaur, larunbatarekin,
Itzubaltzeta / Romoko auzokideen elkartea aurkeztuko dute jaialdi baten bidez. Goizeko 11etatik aurrera, Santa Eugenia plazak hartuko du ekimena, bertan, besteak beste, umeen jolasak eta tailerrak, herri eta gastronomia azoka, argazki zaharren eta auzoko arazoak salatzeko irudien erakusketak, herriko dendetan erosteko 1.600 euroren zozketa, musika ekitaldiak, Boliviako dantzak eta kale animazioa izango direla. 13:30ean, ordea, auzo elkartearen beraren aurkezpen ekitaldia burutuko dute, ondoren txitxiburruntziaz gozatzeko aukera izango dela. Itzubaltzeta / Romoko bizilagunen elkartea 1975ean erroldatu zen eta urte luzez jardun zuen. Halere, pixkanaka ahultzen joan zen eta lozorroan eman du azken garaia. Santa Eugenia plazan Getxoko Udal Gobernuak eraiki nahi duen kultur etxearen eraikin "faraonikoa" dela eta sortutako iskanbilak, baina, auzo mugimendua piztu egin du. Kultur etxearen proiektuaren aurkako taldetik, Santa Eugenia Herriarentzat elkartea sortu zen eta, azkenean, auzokideen elkartea berpiztu zuten pasa den urtarrilean. Gaurkoan jendaurreko aurkezpena burutuko dute. Argazkian, iazko irailaren 29a mugarria izan zen auzokideen elkartea sortzeko. Egun hartan, 140 auzotarrek bere burua identifikatu zuten, ilara eginez,
Santa Eugenia plazako murru zati bat bota zuten lagunen alde eta ertzainen presentziaren aurka.