Usadio zaharrari eutsiz, aurten ere Gorpuzti eguna hartuko du igande honetan, bihar, Algortako Portu Zaharrak. Aurrekoetan bezala, meza atari zabalean entzuteko aukera izango dute Etxetxu plazara bertaratutakoek, eguerdiko 12etatik aurrera. Horren ostean, 13:00etan, ohiko sardina jana egongo da bertan eta, sabela bete bitartean, Biotz Alai abesbatza algortarraren emanaldia entzun ahal izango dute guztiek. Arratsaldean, berriz, Los Cinco Bilbainos taldeak izango du jaialdiari amaiera emateko ardura. Arratsaldeko 7etatik aurrera eskainiko dute saioa. Baina, ohiko jarduerez gain,Itxas Egurra Haizean elkarteak ontzi klasikoen agerraldia antolatu du. Goizeko 10etan jarri dute ontziei ongi etorria emateko hitzordua Portu Zaharrean, ordubete beranduago ontziak uretara sartu eta erakusteko. 11:45ean, berriz, Mexota txaluparen jaitsiera hasiko da Aretxondon, Etxetxura eramateko. 12:30ean uretaratzea egingo dute. Ordu horretan ere, ALBEko bertsolariek porturainoko jaitsiera abiatuko dute bertan abesteko. 17:00etan, ontzien zeharkaldia izango da, kirol portura joango direla. Argazkian, aurreko Gorpuzti eguneko edizio bat Algortako Portu Zaharrean / ©
Algortako Portu Zaharra.