Getxo udalerriko XXXI. Eskola Antzerki Jardunaldia izango da bihar, igandean, Areetako Andres Isasi musika eskolan. Aurten, hamabi saio egongo dira ikusgai, eskola orduz kanpoko antzerki jardueratan ikasturte honetan parte hartu duten udalerriko ikastetxe publiko eta itunpekoetako Lehen Hezkuntzako ikasleek eskainita. Goizean, 11:30etik aurrera, Juan Bautista Zabala eskolako eta San Nikolas zein Gobela ikastoletako neska-mutilek euskarazko "Erosketak", "Ezkontza zoroa" eta eta "Sopuertako jolas parkean" antzezlanak eskainiko dituzte, euskaraz. Bestalde, San Inazio, Romo eta Larrañazubiko ikasleek "Circo, Sol y Luna", "Robo frustrado en el museo" eta "El manicomio" lanak antzeztuko dituzte, espainolez. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, lau izango dira euskaraz egindako obrak: Azkorrikoen "Hau ez da ospitalea", Geroakoen "Zoologikoa", Zubilletakoen "Turistak" eta Andra Marikoen "Oskurister". Divino Pastor eta Nuestra Señora de Europa ikastetxe erlijiosoen ikasleek, berriz, "Radio amarilla" eta "Cambio de look" antzezlanak eskainiko dituzte. Argazkian, bi gazte antzezlan batean Donostian / cc-by-nc-nd Amara Berri ikastetxea - Donostia Kultura.