Algortako Saninazioetan eta Itzubaltzeta / Romoko zein Algortako Portu Zaharreko jaietan txosnaren bat jarri nahi duten elkarte eta kolektiboek ostirala baino lehen eskatu ahal izango dute.
Getxoko Udalak udalerriko elkarteentzako atera duen deialdi publikoak ezartzen duenez, txosna eskatu ahal izateko, besteak beste, ezinbestekoa da erakunde eskatzailea elkarteen udal erregistroan gutxienez 2012ko maiatzaren 1etik erroldatuta izatea. Hori dela eta urte bat baino gutxiagoko elkarteek ezin izango dute txosnarik jarri. Horretaz gain, elkarteek iazko jardueren memoria eta balantze ekonomikoa zein aurtengo aurrekontua eta plangintza aurkeztu beharko dituzte, udal diru laguntzak jasotzen ez badituzte. Udalak aukeratuko ditu ostatua jarri ahal izango duten elkarteak, honako irizpideen arabera: elkartearen egonkortasun eta sustraitzea; partehartzaile kopurua; erakundearen proiektua; erakundearen jardueren eragina; eta partehartzea jaietan. Bost puntuetatik lau udal teknikariek baloratuko dituzte eta bosgarrena, elkarteak jaietan duen parte hartzearena, jai batzordeek puntuatuko dute. Txosnak eskatzeko dekretuak aurreko urteetako baldintza beretsuak mantentzen ditu, tartean Udalaren hainbat plangintza kritikatzeko debekua edota Eudelek eta Getxoko Udalbatzak ETAren biktimak ez gogaitzearen aitzakiaren pean 2010ean zabaldutako hamaika galarazpen. Argazkian, 2009an Getxoko Udalak hainbat txosna ukatzearen ostean izandako protesta. Azken urteotan ez dira horrelako ekimenik izan.