J. C. A. 47 urteko gizona atxilotu zuen Ertzaintzak pasa den igandean, Bilboko Maximo Agirre kaleko bere arte-martzialen gimnasioan 29 urteko
emakume gazte bat koman uzteraino jipoitzen ari zela, Poliziaren arabera. Bertsio berari jarraiki, inguruak miatuta, ertzainek hildako beste
emakumeren baten gorpuzkinak topa dituzte lokalean eta erasotzailearen etxean eta gizonak aitortu ei du pasa den astean beste andra bat hil zuela. Bitartean, igandean askatutako emakumea koman jarraitzen du Basurtuko ospitalean. Horren aurrean, ugariak izan dira salaketak eta mobilizaziorako deialdiak. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa plataformako kidea den Algortako Bilgune Feministaren ustez gertatutakoa "oso oso larria" da eta horri dela eta eraso mota honi erantzuteko protokoloa abian jartzea erabaki dute, deialdi bikoitza eginez. Gaur, asteartea, arratsaldeko 7:30ean Bilboko Indautxu plazan elkarretaratzea egitera deitu dute. Handik, erasoak izan ziren gimnasiora eramango dute protestaldia. Bihar, asteazkena, beste mobilizazio bat burutuko dute Algortako Telletxe plazan, 19:30ean. Bitartean, prostituzioan aritzen diren emakumeekin jarduten duen Askabide elkarteak jipoitutako emakumea eta oro har kolektibo hori "babes gabe" daudela deitoratu du, eta beste elkarretaratze isila deitu du gaurko, arratsaldeko 6:30ean, Bilbo Zaharreko Fleming Doktorea plazan, Kortes kalearen ondoan. Argazkian, 2012ko azken elkarretaratzea azaroaren 29an izan zen, Tere Egurrola Asparrenako emakumearen
ustezko erailketa salatzeko.