Gaur, asteartea,
Arabako Fracking Ez! plataformak hitzaldi bat emango du Erandioko Kalezulo gaztetxean, arratsaldeko 7:30ean. Fracking edo haustura hidraulikoa gasaren erauzketa eta ustiatzeko teknika bat da, Euskal Herrian 2011ko urriaren 14an ezaguna egin zena. Izan ere, egun horretan, Patxi Lopez EAEko lehendakariak AEBeko Texas Estatuko Heyco enpresako erauzketa plantatik iragarri zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan fracking-a egiteko asmoz EEE Energiaren Euskal Erakundeak Heyco eta Cambria Europe enpresa estatubatuarrekin partzuergo bat sortu zuela. Esku artean izan zuten lehen proiektua Araban kokatu zen, Enara Handia izenekoa. Halere, Uribe Kostan ere, lur azpiko ubide edo akuiferoak kalte ditzaten teknika hori erabiltzeko planak badaude. Bartzelonan erregistratutako Frontera Energy Corporation SL nazioarteko enpresak Geminis proiektua gauzatzeko baimena eskuratu du Espainiako Industria Ministerioaren eskutik. 47.940 hektarea hartuko ditu, itsasoan eta lurrean, barnean ia Uribe Kostako eskualde osoa dagoela. Eremu horretan lur azpiko biltegietan egon beharrean harriei itsatsita dagoen gasa ustiatzeko fracking sistema bideragarria eta errentagarria den ikertuko nahi dute. Teknika horrekin, eztanda txikiak egiten dira haitzetan, arrailak sortu eta horietatik ura (% 98) eta gai kimikoak (% 2) isurtzeko. Gai kimikoak lurzorura edota akuiferoetara iristen badira, kutsatu egiten ditu. Oraingoz, Plentzia eta Gorlizko udalek jada ezetza eman diote praktika horri. Argazkian, Patxi Lopez lehendakari ohia Texasen, fracking-aren alde / cc-by Irekia - Eusko Jaurlaritza.