Denok dakigu krisi ekonomiko latza jasaten ari garela. Baina krisi honen aitzakian borroka bidez hainbat belaunaldik eskuratutako lorpenak kendu nahi dizkigute. Irakaskuntza sistema publikoa da lorpen haietako bat. Eta guri zuzenean dagokiguna, euskal gizartearen zerbitzura dagoen kalitatezko unibertsitate publikoa, pertsona guztien eskura dagoena, alegia.
2010tik hona gure unibertsitateak jasan duen baliabide murrizketa oso kezkagarria da. Aurten 51,2 milioi euro gutxiago jasoko du Eusko Jaurlaritzatik, hau da, %14,5 jaitsiera bat.
EHUn oraindik ez gaude Estatuko beste hainbat unibertsitateetan dauden bezain egoera larrian (langileen kaleratzeak, ikerketa proiektuak bertan behera uzten, tasa igoera eskandaluzkoak...). Baina aurten jasoko duen finantziazio urriarekin, murrizketa latzak –%40rainokoak– egin beharko ditu hainbat eta hainbat arlotan, hala irakaskuntzakoak nola ikerkuntzakoak ere: laborategiko praktikak egiteko materiala eta ikasketak behar bezala jarraitzeko ikas-materialak erosteko diru-hornikuntzetan, ekitaldi zientifikoetara joateko laguntzetan eta beste hainbat programa eta zerbitzuetan.
Murrizketek hala jarraituz gero, bekak gutxituz eta unibertsitate-sarrerako tasak igoz, muturreko egoera batean gera daiteke gure unibertsitatea: langileen seme-alabek unibertsitatera joan ezinda baliabide faltagatik, behar bezala ikertu eta irakatsi ezinda, langileak kaleratuz eta gizarte osoarentzako eskuragarri eta bidezkoa den kalitatezko unibertsitate zerbitzu publikoa eman ahal izateko oso beharrezkoak diren hainbat programa ezabatuz.
Bestalde, ezin dugu ahaztu, unibertsitateak Euskal Herrian duen bete behar estrategikoa, herri osoari eta bereziki belaunaldi berriari etorkizun oparoagoa eskaini aldera, kalitatezko goi mailako formazioa emanez eta ikerketa programa berriak garatuz gure herriak lortu duen ongizate mailari eusteko eta hobetzeko, alegia.
Horregatik guztiagatik uste dugu unibertsitate sistema publikoa mantendu behar dela, zaindu behar den inbertsio estrategikoa delako, helburu hori lortuko dela bermatzeko beharrezkoak diren politika ekonomiko eta fiskal berriak sustatuz. Baina horretarako UPV/EHUk dituen eginkizunen garrantziaren adinako diru baliabideak jaso behar ditu. Errektore Taldeak ezin du ontzat eman Eusko Jaurlaritzak aurrekontu proiektuan ezartzen duen finantziazioa. Eta hala azaldu behar dio publikoki Eusko Jaurlaritzari berari ere. Ez unibertsitateko kideok ezta gizarteak ere ez luke ulertuko isilik gelditzea erabakitzea.
Beraz, norabide aldaketa aldarrikatzen dugu EHUren finantzazioan eta 2011-14 Unibertsitate Planak ezartzen zituen konpromisoak berriro hartzea, alegia, Barne Produktu gordinaren %1,2ko finantziazioa Unibertsitatearentzat, Europan dagoen finantziazio mailetatik oraindik urrun gelditzen bada ere.
Hartara, dei egiten diogu Unibertsitate osoari, Gobernu taldeari eta baita euskal gizarte osoari ere, unibertsitatearentzako finantziazio egoki baten alde borroka daitezen, baita hura bermatzeko beharrezko zerga-politiken alde agertu ere. Halaber, ikasleak eta haien familiak ez itotze aldera, eskatzen dugu matrikula-tasak ez igotzea, tasak ordaintzeko era malguak ahalbidetzea eta bekak eguneratzea. Herri honentzako EHUk duen garrantzi estrategiko eta sozialak hala agintzen du. Gure etorkizuna dugu jokoan.
LAB, EILAS, CCOO, ELA, UGT, Ikasle Abertzaleak eta Ikasle Ekintza