Dagoeneko 35/02 auziaren epaiketa abiatzeko data jarri du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Urriaren 17a, 10:00etan, hasiko dira epaitzen ezker abertzaleko 40 kide, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea leporatuta. 372 urteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak guztira; zortzi eta hamabi urte arteko zigorrak bakoitzarentzat. Akusatuen artean dira Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak eta Izaskun Barbarias urduliztarra. Hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk bertatik kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado sondikarra ere auziperatuta dago sumario honetan. Aipatu lau lagunei zortzi urteko espetxe zigorra jarri nahi diete. 2002ko apirilean hasi zuen Batasuneko kideen aurkako auzia Baltasar Garzon epaileak. 11 pertsona atxilotu eta 75 herriko taberna bahitu zituen, badaezpadako neurri gisa. Administratzaile judizialak ere ezarri zituen, tabernen diru kontuei jarraipena egiteko. Garai haietan europarlamentarioa zela azaldu zuen Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko irakasleak. Beraz, immunitatea zuela. Akusazioa agintaritza hartatik harago doala esanez bota zuen atzera Landaren helegitea auzitegiak. Argazkian, Ertzaintzak 2006ko urriaren 25ean egin zuen miaketa Leioako Kurkudi herriko tabernan.