Igande arratsaldean erasotako emakumea gaur eguerdiko 12:35 aldera hil egin da, atzo arratsaldean haren osasunak okerrera egin ostean, hainbat hedabidek zabaldu dutenez. Polizia iturriek diotenez, arratsadez jaso zuen erasoa: gizon batek Bilboko Zen4 gimnasiora indarrez sartu eta bortizki jo zuen. Ertzaintza bertara heldu zenean, emakumea konorterik gabe zegoen, hilzorian. Bertan suspertu behar izan zuten, erietxera eraman aurretik. Ustezko erasotzailea, J.C.A., 47 urteko gizonezkoa eta gimnasioaren jabea, gaur goizeko hamarretan eraman dute epailearengana, deklaratzera. Hura espetxeratzeko agindu du epaileak. Gorpuzkiak topatu zituzten haren etxean, eta ertzainei aitortu zien andre bat hil zuela, hainbat hedabidek diotenez. Poliziek ondorioztatu dute topatutako arrastoak emakume bakarrarenak direla. Gertaera salatzeko elkarretaratzea egingo du gaur arratsaldean Algortako Bilgune Feministak. 19:30ean jarri dute hitzordua, Telletxe plazan. Argazkian, 2012ko azken elkarretaratzea azaroaren 29an izan zen, Tere Egurrola Asparrenako emakumearen ustezko erailketa salatzeko.