Azti Tecnaliak bere ereduaren bidez adierazten badu karabela portugaldarrak gure kostalderantz datozela, SOS Deiak zentroak horren berri emango die Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei eta ukitutako udalei, egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak har ditzaten.
Begiztatzeen protokoloaren barruan, karabela portugaldarren ibilbidea iragartzeko tresnak erabiliko dira, gure kostaldeetako itsas korronteei buruzko ezagutzan eta haizeen pronostikoan oinarrituta. Aurretik hidrokarburoen jarraipena egiteko erabili izan diren ereduen antzekoak dira oraingo hauek; moldatu eta kalibratu egin dira Physalia marmoken (karabelen) nondik norakoa zaintzeko. Organismo horiek flotagailu bat daukate (pneumatoforoa), eta flotatzeko ez ezik, haize-oihal moduan ere erabiltzen dute. Horrela distantzia handiak egin ditzakete nahiko denbora laburrean.
Ekimen hau gauzatzeko, Segurtasun Sailak 250 informazio-kartel egin ditu, plastifikatuak, eta banatu ditu dagoeneko hondartzetan eta kirol portuetan, karabela portugaldarrari buruzko informazio zehatza emateko; gainera 5.000 fitxa egin ditu arrantzaleentzat eta, oro har, itsasoan ibiltzen direnentzat. Hidrozoo arriskutsu horren datuez gainera, gure uretako marmoka mota ohikoenen irudiak eta deskripzioak ere badaude fitxetan.
Karabela portugaldarren jarraipenerako eta abisuak emateko prebentzio-sistema honetan, Azti Tecnalia eta Euskalmetez gainera, elkarlanean arituko dira Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiak, EKP (Euskadiko Kirol Portuak) eta Gurutze Gorria.
Euskadik gaur egun hamaika arrantzale-kofradia ditu, 130 bat arrantza-ontzi eta 4.000tik gora kirol ontzi.
Marmoka Project (Marmoka Proiektua)
Ekimen horrekin batera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Azti Tecnaliarekin lankidetzan jardungo du Marmoka Project (Marmoka Proiektua) izeneko azterlan zientifikoan. Kantauri itsasoan marmoken presentzia eta nondik norakoak ikertu nahi dira lan horretan, arrantzale, kirolzale eta itsasoan ibiltzen diren gainerakoek emango duten informazioa erabilita.
Horretarako banatu zaizkien fitxetan, gure uretako marmoka mota ohikoenen irudiak eta deskripzioak ikusi ahalko dituzte.
Informazio gehiago: www.itsasnet.com