Metro Bilbaok gaur, ostirala, abiatuko du uda, dagokion baino bi aste lehenago. Izan ere, ostiraletan udako ordutegia ezarri eta gau osoko zerbitzua ematen hasiko da, ekaina, uztaila, abuztua eta irailean. Ordutegi horrek goizaldeko 2etatik goizeko 6etara dabiltzan trenak hartzen ditu, hain zuzen, eta horrela, datozen lau hilabeteetan, asteburu osoan etengabe ibiliko da metroa, 48 orduz. Zerbitzu hori martxan jarriz, ostiral gauetik igande goizera arteko garraio-eskaria asetu nahi dute, mugikortasun beharrizan hori haziz joan baita azken urteetan, bereziki udako hilabeteetan, konpainiak jakinarazi duenez. Bilboko metroa ustiatzen duen enpresak bezeroen beharrizanetara egokituko du zerbitzua, "etengabe hobetzeko planaren" haritik. Ordutegi berriekin, udako aisia gehitzearen eta metroak zeharkatzen dituen herri eta auzoetako jaien ondoriozko garraio-eskaria areagotzeari erantzun egokia eman nahi diote. Argazkian, bidaiariak metro geltoki batean, artxiboko irudian.