Uztaileko jazz denboraldia aurkeztu dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 8a, 01:45

Jazz jaialdiek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartuko dute datorren hilabetean, uztailean: 3tik 7ra Algortan, Wynton Marsalis eta Stacey Kent protagonistak izango direla; 16tik 20ra Gasteizen; eta 24tik 28ra Donostian. Gaur, hiru festibalen aurkezpen bateratua egin dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan. Bertan, hiru jaialdietako arduradunek azaldu dutenez, gaur egungo zein betiko jazz doinuak Algorta, Gasteiz eta Donostiako hondartza, enparantza eta kaleetan entzungai izango da uztailean. Eusko Jaurlaritzak promozio-kanpaina berezia prestatu du "kalitatezko turismoa" erakartzeko, hamargarren urtez. Getxoko jaialdiak irekiko du denboraldia, Stacey Kenten ahotsarekin, Ignacio Berroa perkusionistarekin eta Al di Meola gitarristarekin. Gainera, Wynton Marsalis tronpeta-jotzailea izango da Getxoko zitako izar nagusietako bat. Argazkian, Wynton Marsalis tronpetista estatubatuarra / © Getxoko Kultur Etxea.

Gasteizko jaialdia, bere aldetik "Musika ona garai zailetarako" du lema. Aurreko urteetan bezala, jaialdiko ezaugarri nagusia kontzertu esklusiboak dira. Gaur egungo musikari garrantzitsuenetarikoek Espainian egingo duten geldialdi bakarra izango da, tartean Chic Corea eta Paco de Lucia, 12 urteren ostean elkarrekin joko dutelarik.

Donostiako jazzaldia izango da azkena, hiruetatik beteranoena. Jazz doinu klasikoak zein iturri horretatik edaten duten musika berriak ere izango dira bertan. Hori eta eskaintza turistikoa eta gastronomikoa bultzatu nahi dute Gipuzkoako hiriburuan. Jamie Cullum eta Elvis Costello izarrak izango dira eta baita Diana Krall abeslaria ere, Kursaal auditorioan.

Getxo Jazz jaialdiaren egitaraua

Getxoko 37. Nazioarteko Jazzaldiaren saio nagusiek Wynton Marsalis tronpetista, Stacey Kent abeslaria eta Ignacio Berroa perkusionista izango dituzte protagonista uztailaren 3tik 7ra bitartea. Guztira, egun horietan zehar, 15 kontzertu eskainiko ditu jazzaldiak, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Ohi bezala, saio nagusiak eta Talde Lehiaketakoak Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21:00etan hasita. Arratsaldeko saioei dagokienez, Telletxe plazan izango dira, 19:00etatik aurrera. Horiez gain, The Piper's taberna irlandarrean jam saioak izango dira uztailaren 4tik 6ra, Biotz Alai plazako saioak amaitu ondoren. Ordaindu beharreko kontzertuetarako sarrerak aspaldi dira salgai.

Wynton Marsalisek (1961, New Orleans, AEB) amaiera bikaina emango dio aurten jazzaldiari, uztailaren 7an. Jazzaren historiako tronpetista onenetariko bat omen da artista estatubatuarra, eta neoklasizismoaren adierazgarria. Bere estiloak, teknikoki akatsik gabea, swing zein beboparen adierazpen modernoenak barne hartzen ditu. Marsalis 1980ko hamarkakako hasieran agertu zen indar handiz musika eszenan eta hasieratik jazz akustikoari eta tradizionalari atxikitutako musikaren aldeko apustua egin zuen. Halaber, 1960ko hamarkadako erdialdetik eginiko abangoardiako jazz gehienaren aurrean jarrera kritikoa hartu zuen. Freddie Hubbarden eta Miles Davisen doinuek eragin handia erakutsita, bere lehenengo urratsak Herbie Hancockekin eta Art Blakeyrekin eman zituen eta, ondoren, Branford anaiarekin boskotea sortu zuen. Bere jardueran proiektu anitzetan parte hartu du Marsalisek, esaterako, Marcus Roberts, Robert Hurst, Wycliffe Gordon, Eric Reed eta Getxon arituko den Lincoln Center Jazz Orchestra-rekin.

Berroa eta Kent

Uztailaren 3an, jazz latinoaren zaleek Ignacio Berroaren (1953, Habana) laukotearen musikaz gozatzeko aukera izango dute. Berroa egungo perkusionista kutabar handienetako bat da. 1980ko hamarkadan New Yorkera bizitzera joan zen eta bertan Dizzy Gillespie laukoteari batu zitzaion. Tronpeta-jotzaile mitikoa 1993an zendu arte, bere talde guztietan jardun zen Berroa. Bere ibilbidean zehar, Berroa maila goreneko musikariekin jardun da elkarlanean, esaterako, McCoy Tyner, Chick Corea, Wynton Marsalis, Freddie Hubbard, McLean Jackie, Michael Brecker, Joe Lovano, Jaco Pastorious, Ron Carter, Charlie Haden, Tito Puente eta Gonzalo Rubalcaba. 2007an lehenengo diskoa grabatu zuen taldeko liderra zela -"Códigos"-, eta Grammy Sarietarako izendatu zuten urte horretan. Gaur egun, disko berri batean lan egiten dabil eta musika jarduera arlo pedagogikoarekin uztartzen du, mundu osoan maisu-klaseak eta 'clinic' delakoak ematen baititu.

Bestalde, uztailaren 4an, Stacey Kent (1968, South Orange, New Jersey, AEB) abeslari ingeles-amerikarra arituko da Algortan. 1990eko hamarkadaren hasieran ekin zion bere jarduera arrakastatsuari eta 1997an bere lehenengo diskoa kaleratu zuen: "Close Your Eyes". Publikoak zein kritikoek harrera bikaina egin zioten. "The Boy Next Door" (2007) diskoari esker Grammy Sarietarako izendatu zuten, Ahots-Jazzeko Disko Onenaren sailean. Ella Fitzgerald bezalako artista handien estiloarekin, bere ahots gardena eta fraseatze bikaina zehaztasun handiz barneratzen dira bere kantetan. Horietan, denboraz kanpoko istorioak abesten ditu, hainbat belaunalditako zaleengana heltzeko gaitasuna dutenak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun