Karpa informatiboa... "eta parte-hartzailea"
Gauzak horrela, asteazkenean, hilak 12, karpa jarriko dute Antsonekoa enparantzan, publikoari zabalik. Ordutegia 10:00etatik 18:00etara izango da. Antsonekoa plazako karparen helburua "herritarrei diagnosiaren egoera ezagutaraztea da, baita azken urtean gauzatu den partaidetza prozesuaren ostean lortu diren ondorioak erakustea" ere. Horretarako, bi panel handi jarriko dituzte karpa barruan, eta, bertan, Tokiko Agenda 21en Ekintza Plan berriak aurreikusten dituen garapen-ildo nagusiak zehaztuko dira, orain arte bildutako informazio guztiaren arabera. Osotara, bildutako ideiak zortzi ildo edo izenburu nagusitan laburbildu dira; horiek Tokiko Agenda 21ek hemendik eta 2020ra izango dituen helburu bihurtu direla:
• Kudeaketa eraginkor eta parte-hartzaileagoa duten gobernu-erak lortzea.
• Mugikortasun eraginkor, osasungarri eta segurua garatzea.
• Bizimodu arduratsua eta ondasun natural komunen nahiz hondakinen erabilera eta kudeaketa eraginkorra sustatzea.
• Herritarren ongizatea, integrazioa eta osasuna bultzatzea.
• Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzea, eta eskaintza soziokultural askotarikoa eta parte-hartzailea garatzea.
• Hiri-antolakuntza iraunkorra, elementu naturalak babestuta.
• Udalerriko ekosistemak babestu eta berreskuratzea, horien biodibertsitatea balioetsita.
• Tokiko ekonomiaren sareko lehiakortasunean eta enpleguaren sorkuntzan aurrera egitea.
Karparen helburu nagusia informazioa ematea da, "urte honetan dagoeneko urduliztarren iritzia jaso baita hainbat bitartekoren bidez". Dena dela, Urdulizko Udalaren ustez, "herritarrek beti egin ditzakete ekarpen interesgarriak eta beti aberastu ditzakete panelen bitartez emango zaien informazioko hainbat gai". Horregatik, nahi duenak oraindik ekarpenak egin eta parte hartzeko aukera izango duela agindu du Udal Gobernuak. Horrez gain, erakusketa bisitatzen duenak kit bat jasoko du karpan bertan: olioa biltzeko inbutua, kontsumo iraunkorraren gida, berriz erabiltzeko erosketarako poltsak eta hondartzarako hautsontzia. Produktu horiek amaitu arte banatuko dira.
Galderak egiteko foroa
Etziko karpan, jendeari gonbitea egingo zaio astebete geroago, ekainaren 19an (asteazkena ere), Kultur Etxera joan dadin, 19:00etan. Bertan, "herri partaidetzarako" azken foroa egingo da, eta, prozesua amaitzeko, Tokiko Agenda 21 berria finkatuko da behin betiko. Foro horretan, "prozesu osoan gidari izan diren herri partaidetzarako teknikariek lortutako ondorio guztiak azalduko dizkiete herritarrei, baita dagoeneko erabaki diren eta Tokiko Agenda 21 berrian sartuko diren neurri zehatzak ere", Udalak iragarri duenez. Foroan, udal arduradun politikoak ere izango dira, Udalak Tokiko Agenda 21 gauzatuko duen moduari buruzko edozein zalantza argitzeko asmoz. Karparen egunean bezala, forora hurbiltzen direnek ere opari bana jasoko dute, kasu honetan, erosketetarako orga bat.
Herri partaidetzaren eredua
Urdulizko Tokiko Agenda 21 berritzeko amaitzear dagoen prozesuaren "alderdirik nabarmenena udalerriko herritarren partaidetza da, hainbat bitartekoren bidez jasotakoa", EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuaren ustez. "Gogoratu behar da azken urtean hainbat ekimen antolatu direla, urduliztarrek horietan parte har zezaten. Horiei esker, informazio erabilgarri asko bildu da Tokiko Agenda 21en sartzeko: karpa bat jarri da jendeak proposamenak eta iradokizunak egin ditzan; inkestak egin dira; foroak egin dira; parte-hartze prozesu osoa koordinatu duten teknikariak kultur elkarte, kirol talde, talde politiko eta udaleko teknikariekin bildu dira; azken finean, garatuko diren proiektuak urduliztarrek eurek proposatutakoak dira", udal iturrien arabera.