Larrialdi-simulazioa egin dute Gorlizko hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 10a, 23:32

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Sailak larrialdi egoera baten simulazioa egin du gaur goizeko 11etatik aurrera Gorlizko hondartzan. Inplikatutako administrazioek bi larrialdi desberdinei aurre egin behar izan diete, kutsadura egoera bat eta biktima bat ito delako ebakuazio kasu bat simulatu dituztela. Simulazioa garatzen hainbat erakundek parte hartu dute. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritza eta Ingurumen eta Osasun Publikoa, Gorlizko Udala, Ertzaintzako Zuzendaritza, Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzua eta bilketa eta garbiketa zerbitzuak. Foru iturrien arabera, "ariketari esker, hondartzetan zerbait gertatuz gero abiarazi behar diren baliabideak koordinatzeko eta mugiarazteko prozedurak aztertu dira. Horrez gain, Gorlizek sorospen zerbitzuaren erantzun gaitasuna erakutsi ahal izan du; izan ere, kalitate turistikoaren 'Q' ikurra jasotzeko eskakizunetako bat horixe da". Argazkian, soroslek itotako laguna artatzen / © Bizkaiko Foru Aldundia.

Bihotza gelditzea, itotzeagatik

Simulazioak 14001:2004 arauaren eskakizunak bete ditu. Ariketan, zaintza dorretxotik bainu hartzaile batek, laguntza eske, keinuak egiten zituela ikustea hartu dute gidoiaren ardatz gisa. Berehala, Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuaren prozedurari jarraiki, uretako ontzi-motor batean abiatu dira uretako sorosleak, eta itotze sintomak zituen pertsona erreskatatu dute.

Hondarrera iritsitakoan bihotz gelditzea izan du, eta ezarritako osasun prozedura aplikatu da; istripua izan duen pertsona hondartzako sorospen postura eraman dute.

Sorosleek biktima egonkortu dute, eta SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroarekin harremanetan jarri dira; gertatutakoaren berri eman dute eta biktima ebakuatzeko Larrialdiak-Osakidetzari eskatu diote osasun baliabideak mugiaraz ditzan.

Hondartzak kalitate turistikoaren "Q" ikurra jasotzeko bete beharreko eskakizunei erantzuten die ariketa honek. Denboraldi honetan, Gorlizko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin lankidetzan, Gorlizko hondartza aurkeztu du UNE 187001 (Q Turistikoa) ziurtagiria lortzeko hautagai gisa. Simulazioan, erantzuna emateko behar izan duten denbora kontrolatu dute, salbamendu zerbitzuak erreskate puntura iristeko denbora ezin baita izan lau minutu baino gehiagokoa. Horrez gain, salbamendu eta sorospen zerbitzurako eskatzen diren bitartekoak badirela ere ikusi da.

Bi gasolio bidoi

Bestalde, SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak itsas pasealekuan zegoen herritar baten komunikazioa jaso du; herritarrak 112 telefonora deitu du, hondarrean bidoi bat zegoela jakinarazteko.

SOS-Deiak zentroak horren berri eman dio Bizkaiko Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuari. Sorosle taldeak irrati bidez berretsi du hondarrean bi bidoi zeudela, eta arreta neurri gisa hondartzan bainua hartzea debekatzen duen bandera gorria jarri dute.

Informazioa berehala helarazi da Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Zentrora, Osakidetzako Larrialdietara eta Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzura. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen arloarekin eta Osasun Publikoko guardiako teknikariarekin harremanetan jarri ondoren, SOS-Deiakek Bizkaiko Hondartzetako Lan Zentroarekin berretsi du Bizkaiko Foru Aldundiko arlo eskumendunak eta Gorlizko Udaltzaingoak badutela larrialdi kasuaren berri eta jakinaren gainean daudela.

Sorosleek bidoiaren egoera identifikatu dute, eta segurtasun neurri hauek hartu dituzte:

a) Hondartza balizatzea (bidoien gunea lokarriz hesitzea)

b) Bainatzea debekatzeko bandera gorria

c) Bainua hartzea debekatuta dagoela megafonia bidez jakinaraztea.

Ondoren, bi gasolio bidoi handi direla berretsi da, 250 litro ingurukoak. Salbamendu eta Sorospeneko Foru Zerbitzuak eta 112 - SOS Deiak Larrialdien Koordinaziorako Zentroak informazioa jaso dute.

Herritarren Segurtasunerako baliabideak (Ertzaintza - Gorlizko Udaltzaingoa) iritsitakoan, sorosleek, berriz berrikusi ondoren, bidoiak itxuraz itxita eta ukitu gabe daudela azaldu dute.

Jarraian Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko teknikariak iritsi dira, eta bat egin dute protokoloarekin. Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzainek eta hondartzako bilketa eta garbiketa zerbitzuek esku hartu dute bidoiak hondarretik kentzeko.

Larrialdiei aurre egiteko euskal sistemaren zerbitzu guztiek adierazitako ekintza oro modu koordinatuan egin da, eta, hala, gertatutakoa neutralizatu egin da. Hondartzan bainua hartzeko debekua adierazten zuen bandera gorria kendu egin dute.

Jarduera bukatzeko, megafonia bidez jakinarazi dute, larrialdietako zerbitzu eskudunek analisiak egin eta gero, bainatzeak eta hondartzak berak ez dutela arriskurik, eta, hortaz, bainua librea dela.

Kudeaketa sistema integratua

Simulazioak 14001:2004 arauaren eskakizunak bete ditu; izan ere, arauak nabarmentzen du "ingurumen arloko larrialdi simulazioak" egin behar direla, ingurumena babestea lehentasunezko gaia baita.

Ingurumeneko Foru Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta udalekin batera, hondartzen kudeaketa sistema integratua du, herritarrei ingurumena errespetatzen duen kalitatezko zerbitzua eskaintzea egiaztatzen duena. Gorlizen egindako simulazioak, hain justu ere, sistema horren eskakizunak bete ditu; sistemaren xedea hondartzetan eragina duten ingurumeneko eta kalitatezko baldintzak etengabe hobetzea da, alegia, hondartzak eta inguruak garbitzeko zerbitzuak sustatzea eta prebentzio eta sorospen zerbitzuak hobetzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun