Leioako Udalaren Osoko Bilkurak, maiatzaren 29an, Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa (2013-2017) onartu zuen. "Plana, herritarrekin batera eta eragileekin lankidetzan, parte hartzeko prozesu baten bidez egin zen", udal iturriek adierazi dutenez. Asteazken honetan, hilak 12, 19:00etan, Ondiztorren, plana aurkeztu eta mahai-ingurua egingo dute, "Euskararen erabilera eta transmisioa Leioan" izenburupean. Mahai-inguruan adituek egungo errealitateko hainbat ezaugarri eta adierazle abiapuntu hartuta, gakoak emango dituzte Leioako euskararen egoeran eragiteko. Mahai ingururan parte hartuko dute: Eduardo Apodaka (Filosofian lizentziatua, Soziologian doktorea, EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko irakaslea, Gizarte Psikologia Saileko kidea), Itziar Idiazabal (Doktore titulua, Université de Genève-n 1983an eskuratu zuen Psikolinguistika esperimentaleko tesiarekin. Euskal Filologiako Katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedraren arduraduna da), Xabier Paya (Bertsolaria. Interpretazio eta itzulpengintza ikasketak ditu. Itzultzaile-, bikoizlari-, ikerlari- eta irakasle-lanetan dabil), Jon Sarasua (Kazetaritza eta Soziologia ikasi zuen. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakasle eta ikerlari dihardu, LANKI eta Sorguneak ikertegietan. Garabide Elkarteko zuzendaritzako kide da) eta Idoia Aldekoa (Elhuyarreko koordinatzailea, Mahai-inguruan moderatzaile-lanetan jardungo du). Argazkian, besteak beste, Xabi Paya bertsolari eta itzultzaile algortarrak parte hartuko du mahai-inguruan.