[©
Joseba Butroe - Berria.info] Joan den ostiralean, Getxoko Areeta auzoko Musika Eskolan Bi arreba emanaldia ikusteko zorte handia izan genuen, "Berria"-ren 10 urteen ospakizunen barruan. Zortea, zinez, emanaldi gogoangarria izan baitzen. Euskaraz egiten diren beste hainbat ekitaldirekin gertatzen den bezala, itxura batean xumea baina mamiz goi-goi mailako espektakulua, norahikoa. Bi protagonisten lan ederra, ardatz bana hartuta: Andoni Egañak Xenpelar eta Xabier Lizasok Chopin, bien bizitzak eta obrak komentatuz. Ezin hemen graduatu behar bezala bi-biek egindako lan txalogarria. Egañaren dohainen berri badugu, bertsotarako zein azalpenetarako; Xabier Lizaso pianojole itzela ez dugu hain ezaguna izango, agian, baina txundituta utzi gintuen. Musika Eskolako piano bikainarekin Chopinen zerua dastatu ahal izan genuen, atalez atal. Amaieran argitu ziguten "Bi arreba" tituluaren misterioa edo zergatia. Txapela kentzeko moduko ikuskizuna. Mila esker!
Joseba Butroe Jauregi euskaltzain eta irakasle algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua. Argazkian, "Bi arreba" ikuskizuna / © Kultur Leioa.