Ertzaintzak hiru emakume atxilotu zituzten atzo, astelehena, ebasketa delitu bat egotzita. Poliziaren arabera, "enpresa bateko langileek ustekabean harrapatu zituzten emakumeok furgoneta batean lapurtutako materiala sartzen ari zirela". Gertakariak atzo arratsaldean izan ziren, 15:30ak aldera, Erandion. Ordu horretan, Ertzaintza Erandioko enpresa batera gerturatu zen, langileek hiru emakume atxikita baitzituzten bertatik hainbat material eramaten saiatu zirelakoan. Behin enpresara bertaratutakoan, ertzainak arduradunarekin jarri ziren harremanetan eta horrek furgoneta batean zihoazen hiru emakume enpresara sartu zirela konturatu zirela azaldu ei zien. Emakumeek 1.300 euroko baino gehiagoko trakziozko bederatzi bateria eta hainbat kable sartu omen zituzten furgonetan, eta, 8.000 euroko konpresore bat furgonetan sartzen saiatzen ari ziren unean, langileek atzeman zituzten, beti ere Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioaren arabera. Egoera ikusita, langileek euren ibilgailuak enpresaren sarreran jarri zituzten emakumeek bertatik alde egin ez zezaten. Behin enpresara gerturatutakoan, ertzainek 32, 34 eta 45 urteko hiru emakumeak identifikatu eta ebasketa delitu bat egotzita atxilotu zituen.