Gaur eta etzi mendi-abentura filmik onenak Leioan emango dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 11a, 17:24

Gaur, asteartea, eta etzi, osteguna, Leioan ikusgai izango dira mendiari buruzko filmik onenak. Izan ere, iragan abenduan Bilbon izan zen Mendi Film Festival nazioarteko zinemaldian bost sari nagusi eskuratu zituzten abenturazko filmak eta beste bost gehiago proiektatuko dituzte, hiru euroko prezioan, Kultur Leioa aretoan, 20:00etatik aurrera, ordu eta erdiko bi saio osatuz. Zehazki, Mendi Film Festivalen film onenaren saria, mendiko kirolei buruzko film onenarena, epaimahaiaren sari berezia, argazki onenarena eta film labur onenarena jaso zituzten dokumentalez gozatu ahal izango da Menditour Leioa ekimenean. Antolatzaileen ustez, "aukera paregabea da abenturazko kirolei buruzko nazioarteko film onenez gozatzeko, eta eskalada, surf, kayak, arroila-jaitsiera eta beste hainbat jarduerari buruzko irudi ikusgarriak ederresteko". Gainera, Lara Izagirre, Iñaki Ituarte eta Alex Txikon bertan egongo dira ostegunean "Next Stop Geenland" filma aurkezteko. Ekimena Leioako Udalak eta Leioa Mendi Taldeak laguntzen dute. Argazkian, "Moonwalk" film laburrak irekiko ditu jardunaldiak / © Menditour Leioa.

Zinema eta abenturazko kirolen zaleek genero horretako azken aldiko nazioarteko lan onenak ikusteko aukera izango dute, beraz, gaur eta etzi Kultur Leioa Aretoan. Menditour Leioa jardunaldietan iraupen laburreko eta ertaineko 10 film izango dira ikusgai, azken Mendi Film Festival zinemaldian parte hartu zuten hamar lan ikusgarri, eta horien artean nazioarteko epaimahaiak saritutako bost titulu. "Ez galtzeko aukera izango da, beraz, Aketxe plazan kokatutako udal aretoan eskainiko dena", antolatzaileen irudiz.

Menditour Leioa jardunaldietan proiektatuko diren filmen artean, honako lan hauek izango dira: film onenaren saria (“Erhard Loretan: respirer l’odeur du ciel” Suitzako filma), mendiko kirolei buruzko film onenarena (“Origins: Obe and Ashima”), epaimahaiaren sari berezia (“Silbergeier”), argazki onenarena (“Unicorn Sashimi”) eta film labur onenarena (“Of Souls + Water: The Nomad”).

Guztira iraupen labur eta ertaineko hamar film emango dira udal aretoan, lau eta 52 minutu artekoak. "Aukera paregabea da, beraz, generoko espezialista onenek filmatutako muturreko kirolei buruzko lan hauez gozatzeko. Ikus-entzunezko gehienetan mendia eta eskalada da ardatza, baina horiez gain, ikus-entzuleek aukera izango dute piragua, arroila-jaitsiera, surfa, highlininga (funanbulismoa eta eskalada uztartzen dituen muturreko kirola) eta beste hainbat abentura eta jarduerari buruzko irudiak ederresteko", Mendi Film Festivaleko kideen aburuz.

Bost urteko ibilbide laburrean, mendiko zinemaren arloko nazioarteko erreferentzia bihurtu da Mendi Film Festival. Zinemaldiaren asmoetako bat, gainera, beti izan da leihoak Euskal Herri osora zabaltzea, lehiaketara aurkeztutako berrogeita hamar film horien lagin esanguratsuena herri batetik bestera eramatea. Hain zuzen, horixe da Menditour ekimenaren funtsa.

Menditour Leioa jardunaldien egitaraua:

Asteartea, ekainak 11

• “Moonwalk” (AEB, 2012, 4’), basamortuko paisaia zirraragarrien gainean eginiko highlining ariketa beldurgarria, ilargi bete hanpatua bidelagun. Jatorrizko bertsioan proiektatuko da, filmazioan grabatutako zuzeneko giro-soinuarekin.

• “Of Souls + Water: The Nomad” (AEB, 2012, 7’), Erik Boomerrek, “National Geographic” aldizkariak urteko abenturazale izendatu zuen gazteak, oinez, eskiz eta kayakez eginiko jardueren laburbilduma bitxia. Film labur onenaren saria Mendi Film Festival jaialdian. Jatorrizko bertsioan emango da, ingelesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.

• “Last of the Great Unknown” (AEB, 2012, 22’) filmak Colorado ibaiaren errekasto gordeenak erakutsiko dizkigu, Zintzur Handiaren erraietan; packrafting, rappel, anchor building eta off-trail nabigazioko teknikak nahastuz esploratutako lurralde miresgarriak. Jatorrizko bertsioan emango da, ingelesez, gaztelaniazko azpidatziekin.

• “Origins: Obe and Ashima” (AEB, 2011, 22’), Ashima Shiraishi neskatila eskalatzaile new yorktarrak eta haren entrenatzaile Obe Carrionek egindako bidearen kontakizuna. Boulder munduan denak harri eta zur uzten ari dena, Ashima; ibilbide oparoa osatu zuena, Obe. Mendiko kirolei buruzko film onenaren saria MENDI FILM FESTIVALen.
• “Silbergeier” (Frantzia 2012, 20’), Suitzako Alpeetako bide tekniko eta gogorrenetako bat eszenatoki, eta txiki-txikitatik hura kateatzeko ametsetan bizi izan den Suitzako bertako neska baten historia. Epaimahaiaren sari berezia MENDI FILM FESTIVAL jaialdian. Jatorrizko bertsioan emango da, frantsesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.

• “Race for the Nose” (AEB 2011, 23’) filmak Dean Potter eta Sean Leary eta Hans Florineren arteko lehia jasotzen du, El Capitan hormako The Nose bidearen abiadura errekorra hausteko ahaleginean. Kaliforniako Yosemite Parke Nazionaleko horma bertikaletan biderik preziatuenetakoa da The Nose. Jatorrizko bertsioan emango da, ingelesez, gaztelaniazko azpidatziekin.

Osteguna, ekainak 13

• “Unicorn Sashimi” (AEB, 2012, 5’) ikus-entzunezkoak eskiatzaile eta snowboarder ausartenen paradisuetako baten irudi harrigarriak biltzen ditu: Japoneko Hokkaido uharteko mendietakoak. Japonen iparraldeen dagoen uhartea da Hokkaido eta elurte gogorrek astintzen dute urtero. Mendi Film Festival jaialdian argazki onenaren saria irabazi zuen filmak.

• “Of Souls + Water: The Warrior” (AEB, 2012, 9’). Film labur honetan, Skip Anderson zuzendariak Christopher Peterson surflariaren ibilbidea laburtzen du eta sei urte geldirik egon ondoren itsasoarekin eta olatuekin berriro topo egitea zer izan zen kontatzen du. Jatorrizko bertsioan proiektatuko da, ingelesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpidatziekin.

• “Erhard Loretan: respirer l’odeur du ciel” (Suitza, 2011, 52’) Erhard Loretan alpinista suitzarrari eskainitako omenaldia. Hamalau zortzimilakoak igotzen hirugarren gizona izan zen Loretan, eta Alpeetan hil zen, istripuz, gidari lanetan ari zela, 52 urte bete zituen egun berean. Film onenaren sari eskuratu zuen Mendi Film Festival jaialdian. Jatorrizko bertsioan emango da, frantsesez, gaztelaniazko azpidatziekin.

• “Next stop Greenland” (Espainia 2012, 30’) Alas Proiektuaren lekukotza da, irudi ikusgarriz josia. Alex Txikonek eta Iñaki Ituartek lau jauzilarirekin batera Groenlandiako Ulamertosuaq mendian zabaldutako bidearen eta gailurretik egindako jauziaren nondik norakoak jasotzen dira filmean. Jatorrizko bertsioan emango da, gaztelaniaz.

Leioako Udalak eta Leioa Mendi Taldeak babestuta, ordu eta erdi inguruko bi saio izango dira, 20:00etan hasita. Sarrerak hiru euro kostako dira saio bakoitzeko, eta aukera izango da bi egunetarako bonoa hartzeko, bost eurotan. Kultur Leioa aretoko bertako txarteldegian eta Kutxabankeko kutxazainetan erosi ahal izango dira sarrerak.

"Last of the Great Unknown" filmaren aurrerakina (© Dan Ransom)

Last of the Great Unknown - Trailer #1 from Dan Ransom on Vimeo.



"Of Souls + Water: The Nomad" filmaren aurrerakina (© Skip Armstrong - NRS Films)

OF SOULS + WATER: THE NOMAD from NRS Films on Vimeo.



Filmetako hainbat irudi (© Menditour Leioa)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun