Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideen Kontseiluak Anjel Figueroaren heriotza aztertu zuen pasa den ostiralean.
Algortako Herrirak zabaldu duenez, Europa Hirugarren Mundua Zentruak (CETIM) ahozko deklarazioa egin zuen egun horretan Giza Eskubideen Kontseiluko 23. saioan, Nazio Batuek Ginebran duten egoitzan. Deklarazioan, nazioarteko erakunde horren aurrean aholku-emaile estatusa duen eta Ginebran egoitza duen CETIMek gaixotasun larria duten presoen inguruko kezka adierazi zuen. Bereziki, martxoan hildako bi preso politikoen inguruan egin zuen salaketa, Anjel Figueroa Fernandez algortarra eta Xabier Lopez Peña galdakoztarra. Horrezkero, gaixo dauden presoak askatu ditzaten espainiar eta frantses gobernuei exijitzeko eskatu egin zuen CETIMek. Izan ere, "gaixotasun larriak pairatzen dituzten preso politikoei askatasuna ukatzea, giza duintasunaren aurka joateaz gain, beraien osasunerako eskubidea urratzen du", erakunde horren ustez. Argazkian, Anjel Figueroaren aldeko protesta bat artxiboko irudian / cc-public domain Etengabe.