Getxoko Bildu: "Urte bi Getxoko Udalean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 12a, 14:36

Gaur [atzo] bezalako egun batean, ekainaren 11an, baina 2011n hartu genuen eserlekua Arantza, Roberto, Bingen eta Maitane, Bilduko lau zinegotziok Getxoko udalean, ondoan gure proiektuaren bihotz eta ardatz diren emakume-gizonak genituela. Bi urte luze joan dira eta legegintzaldiaren erdira heldu gara; denbora horretan aukera izan dugu Getxon udal barruan zein kanpoan dauden mehatxu, gabezi eta aukerak ezagutzeko. Horregatik, gaur gure udala gobernatzen duen EAJren proiektu izarra den Getxo Antzoki megalomano honetan bildu gara, bi urte hauetako balantzea egiteko Bildun modu batean zein bestean parte hartu eta laguntzen duten emakume-gizonekin batera. Ez dugu halamoduz aukeratu adierazpen hauek egiteko lekua. Udal hau zuzentzen duen EAJren gobernatzeko eraren adibide argia da obra hau: itzala egiten duen proiektu elitista, herriari eta auzokideei bizkarra emanez egindakoa, urte luzez auzo baten bihotza den plaza baliogabeturik utzi duena, espektakulo-kulturara bideratutakoa, eta inolako aurreikuspenik eta bideragarritasun plan barik egindakoa herritarren 38 milioi euro eraman dituen arren. Zoritxarrez, Itzubaltzeta-Romoko auzokideek ere ondo ezagutzen dute hori. Argazkian, Algortako San Nikolas plazan, Getxo Antzokiaren edo "EAJren proiektu megalomanoaren" aurrean egin zuen balantze publikoa atzo arratsaldean Getxoko Bilduk / cc-by Getxoko Bildu.

Hori da, hain zuzen ere Getxon aurkitu dugun EAJ: interesik ez duenean ezer mugitzen ez duen talde gor-mutua (Areetako Geltoki plaza, etxebizitza sozialak, auzoen eskariak etab.) baina nahi bezain arin doana argazkietan ateratzea suposatzen dioten proiektuetan. Eta hori guztia herriarentzat, baina herritarren iritzia kontuan izan barik. Argi eta garbi ikusi ahal izan dugu hori 2013ko aurrekontuen eztabaidan; aurrekontu zirriborro bat aurkeztu eta hori negoziatzeko antzerkia egin dute, baina inolako borondate errealik gabe eta dena ondo lotuta izanda aldez aurretik (Kortiñeko lurren salmenta, murrizketa larriak eta euren proiektu kuttunen finantziazioa). Herritarrek argi izan behar dute, EAJ euren dirua nahi bezala kudeatzen ari dela 2013an, transferentziaz edota alkate dekretuen bidez dirua alde batetik bestera mugituz eta herritarren iritzia kontuan izan barik.

Orain bi urte, Getxoko Bildun Herri Programa garatu eta 6 lan ildo nagusi definitu genituen legegintzaldi honetarako, herri honek zituen arazo larrienei erantzun nahian: lurralde antolaketa eta etxebizitza eskubidea guztiontzat, parte hartzea, aurrekontu parte hartzaileak, kultura herrikoiaren defentsa, euskara eta normalizazio politikoa. Horietan lanketa ezberdinak egin ditugu, gobernuari proposamenak eginez, mozioak aurkeztuz, kanpainak landuz, informazioa zabalduz eta auzo batzarrak antolatuz (nahiz eta egiten diguten blokeo mediatikoaren jabe garen). Baina, zoritxarrez, udal barruan atzerapausoak besterik ez ditugu aurkitu 6 ildo horiei dagokienez:

- Kultura herrikoian eta euskararen normalkuntza murrizketa itzelak eta udaletxe barruan oraindik euskaraz lan egiteko oztopo handiak.

- Etxebizitza eskubideari dagokionez udal lurren espekulazioarekin jarraitzeko lurren salmenta eta etxebizitza politika estruktural eta sozialik ez.

- Normalizazio politikoan antzinako formuletan estankaturik jarraitzen duen EAJ, askotan PPren menpe jarduten dena.

- Aurrekontuetan krisiari aurre egiteko neurri ausartak hartzeko inolako jarrerarik gabe herritarren dirua nahi bezala erabiltzen duen Gobernu Taldea.

- Eta parte hartzeari dagokionez denok dakiguna: manipulazio etengabea egiten duen udal prentsa azpiegituraren bitartez parte hartze faltsua saltzen duen Gobernua.

Azken horretan, parte hartzean hain zuzen ere, benetan larria deritzogu Gobernutik zein beste talde politikoetatik aurkitu dugun faltsukeriari. Herritarrengandik urrun dauden udal baliabide eta ordezkariak; Maidagan, Ollarretxe eta bestelako proiektu ertainetan parte hartze faltsua; Romo Kultur Etxea eta Getxo Antzokia bezalako proiektu estrategikoetan erabateko inposaketa; berriki udal barne araudia (ROM) berritzeko prozesua abiatzea eta horretan herritarren inolako parte hartzea onartzeko jarrerarik ez EAJ, PP eta PSEren aldetik; Plenoetan auzokideen hitza aktan ere ez da jasotzen etab. Bitartean, udal garden eta parte hartzailea saltzen duen EAJ, postaleko parte hartze ekimenak martxan jarriz baina benetako erabaki guneak herritarrengandik geroz eta gehiago urrunduz.

Bildun argi daukagu herritarrentzako estrategikoak diren erabaki eta inbertsioak direla herritarren parte hartzeaz egin behar direnak. Zein herri eredu nahi duten getxoztarrek erabaki behar dute. Baina EAJk Osoko Bilkuretan askotan adierazi duen bezala, euren 14.000 bozkatzaileei esker eta horientzat bakarrik gobernatzen du, kontuan izan barik Getxok 80.000 biztanle dituela ideologia, klase sozial, adin, gustu eta behar ezberdinak dituztenak eta guztientzat lan egin behar duela. Ikusteko dago adibidez, herriarentzat estrategikoa den Herri Antolakuntzarako Plan Orokorraren azken erabakian herriari hitza ematen zaion.

Bestalde, eta instituzioetatik egindako borrokak herri borroka barik zentzurik ez daukala argi izanda, asko poztu gaitu Getxoko kaleetan aurkitu dugunak: herriaren etorkizunean parte hartzeko prest dauden auzo elkarteen mugimendua, gazte antolatuak, kultur eragile eta sortzaile biziak herria euren ekarpenez aberasteko prest, lan ikaragarria egiten duten jai batzordeak, Plenoan euren ahotsak entzunarazteko prest dauden herritarrak, errepresio eta inposaketen kontra borrokatzen duten eragileak, itsasoa zein lurraren babesaren alde lan egiten duten plataformak etab. Sinestarazi nahi digute getxoztarrak oligarkia eta “bizitza kalitate” faltsu batengatik lokartutako herritar multzoa garela, gurutzontzi kai berriak behar eta musika jaialdi handiekin konformatzen garenak. Baina Getxo herri aberatsa badugu, gure herritarren balore eta kemenagatik da.

Getxoko biztanle zein eragile guztiei dei egiten diegu dituzten aldarrikapenak kalera zein udaletxera eraman ditzaten: Plenoetara joanez, proposamenak erregistratuz, manifestaldiak antolatuz, bilerak eskatuz, kontrainformatuz... ez dezatela esan herritarrek ez dutela zer esaterik. PGOU (Herri Antolakuntzarako Plan Orokorra) eta ROM (Udal Barne Araudiaren) berrikuspena ditugu datozen hilabeteotarako borroka estrategikoak, baita euskararen ordenantza berriak zehaztea ere; horietan zuen parte hartzea ezinbestekoa da eta nahi izanez gero Bildun ateak zabalik ditugu zuekin batera borrokatzeko. Bankak eta kapitalak sortutako krisiaren aurrean ere, neurri ausartak exijitu behar dizkiogu gure Udalari, herri ekonomia bizirik mantentzeko.

Asko daukagu hobetzeko eta egiteko oraindik eta lan nekeza dela argi dugu. Baina herri bizi, berdinkide, solidario, euskaldun eta gorri bat nahi duzuenon indarrak laguntzen gaitu aurrera egiten. Eskerrik asko eta laster arte!

Getxoko Bildu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun