Sendi zuri-gorriari hamar bat urte lotuta badaramatza ere, gaur, asteazkena, inauguratuko dute ofizialki Areetako Alde Zaharreko Athleticen lagunartekoa, Ander Murillo izenekoa. Ekitaldia arratsaldeko 7:30etik aurrera ospatuko da, Bizkaiko Zubiko oholtzan, Areetan. Bertan, aurkezpena, ohorezko aurreskua eta Ondarreta Abesbatzaren saio laburra izango dira. Ondoren, bildutako Athletic zaleak Ander Murillo Lagunartearen egoitzara joango dira, Barria kaleko 3.ean dagoen Green Parrot tabernara, alegia. Egoitzan, ohiko opari-trukea egin eta jarraian mokadutxoa eskainiko dute. Inaugurazio ekitaldian Athletic Clubeko ordezkaritza bat, udal agintari zenbait eta hogei bat lagunarteetako kideak izango dira, besteak beste, Iñaki Apraiz zaleen taldeburuak iragarri duenez. Ander Murillo atzelari donostiarra 1999an hasi zen Athleticen, gazteen B taldean, Antiguoko taldetik zetorrela. 2001ean heldu zen lehenengo taldera eta bertan jokatu zuen 2009ra arte. Orduan, Salamancara jo zuen eta Celtatik igaro ostean, Txipreko AEKn jokatzen du egun. Argazkian, Ander Murillo / © Athletic.