Lucia Puertas ELAko ordezkariaren arabera, "enpresen itxikeria dela eta, hilabeteak daramatzagu ezer ez lortu gabe". Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila zerbitzu horietaz ez dela arduratzen, eta pribatizatu egiten dituela salatu du. Begiraleen kolektiboa 500 bat langilek osatzen dute EAEn, eta 210 edo 420 euroko soldata dute hilero, astero 5 edo 10 orduko lanaldia izanda.
Ordezkari sindikalek esan dute prest daudela geldialdiak alde batera uzteko, enpresa horiek hitzarmenaren ultrajarduera bertan behera uzten ez badute, akordio bat adostu arte. Horretarako, patronalak egoera hori ikertuko beharko du, eta ostirala baino lehen erantzun bat eman.
Deitzaileek barkamena eskatu dute grebak sor ditzakeen arazoengatik, baina umeen gurasoek euren egoera zein den ulertzea eta enpresei zein Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari "arduraz jokatzea" eskatu diete.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskola publikoko autobus eta jolastokietako begiraleek geldialdi partzialak deitu dituzte. Protestaldiak ekainaren 18an eta 19an izango dira, eta goizeko lanorduei eragingo diete, ikasleak ikastetxeetara sartzen laguntzeko ematen duten orduei, alegia. Hala, zerbitzuak kudeatzen dituzten Eulen eta Clece enpresek Espainiako Gobernuak egindako lan-erreformaz baliatu ez eta lan-hitzarmenei eutsi diezaieten lortu nahi dute. Aipatu mobilizazioez gain, hiriburuetan hainbat elkarretaratze ere egingo dituztela iragarri dute ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek, lehenengoa etzi, ostiralean. Hala, lan-baldintzei eustea eta uztailaren 7an hitzarmena bertan behera ez uztea nahi dute. Argazkian, eskola publikoetako jangeletako langileek ere orain bi urte grebari ekin zioten.