Euskal Herriko beste hainbat herritan bezalaxe, abenduan “Gazta zati bat” dokumentala ikusteko aukera egon zen Sopelan, Meñakoz Kultur Elkarteak antolatutako proiekzioari esker. Ikus-entzunezko lan horrek izan duen oihartzunari esker, Nazioen Mundua ekimenak egin duen lana ezagutzera eman da Euskal Herri osoan, eta ildo horri jarraituz hainbat herritan erabakitzeko eskubidearen aldeko herritarren dinamika sortzeko asmoa dago: “
Gure esku dago” dinamika. Sopelan bihar, ostirala, izango da aurkezpena, 19:30ean Kurtzio Kultur Etxean, udal iturriek zabaldu dutenez. Bertan, ‘Gure esku dago’ dinamikaren nondik norakoak azalduko dira. "Zergatik erabakitzeko eskubidea? Eskubide pre-politikoa, demokratikoa eta unibertsala delako eta herri honen sentsibilitate guztien elkargunea sortzen duelako", azaldu dute tokiko arduradunek. "Gure esku dago" dinamikaren helburuak "erabakitzeko eskubidearen beharra, aukera eta zilegitasuna gizarteratzea eta herritarrak aktibatzea" dira. "Guzti hori errespetua eta batuketan oinarrituz eta jarrera positibo batekin, gure printzipioak dibertsitatea eta pluralitatea direlarik. Hiru ideiatan oinarritzen dira: nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta etorkizuna herritarron esku dago", zehaztu dute
Sopelako Udaletik. Argazkian, 2012ko azaroaren 17an 250 auzokide inguru batu zen Sopelako Udaletxeko plazan, Espainiako banderaren "inposizioa" salatzeko asmoz / cc-by Sopelako Bildu.