Lehenengo datuen arabera, EHUn unibertsitatera sartzeko probak egiteko matrikula egina zuten 8.758 ikasleetatik 8.548k gainditu dute fase orokorra. Hortaz, ikasleen %97,30k aprobatu du selektibitatea, tokiko iturriek gaur jakinarazi dutenez. Unibertsitatera sartzeko proba berriak aurten jarri dira abian. Bi fase dituzte: fase orokorra, unibertsitateko gradu ofizialak ikasi ahal izateko gainditu behar dena; eta fase espezifikoa, borondatezkoa, fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko balio duena. Campuska, Araban matrikulatutako 1.154 ikasleetatik 1.136k gainditu dute fase orokorra, hau da, %98,44k; Bizkaian matrikulatutako 4.315 ikasletatik 4.133k aprobatu dute, hau da, %95,78k; azkenik, Gipuzkoan 3.316 matrikulatu eta 3.279k gainditu dute, hots, %98,88k. Behin-behineko notak ikasleak matrikulatu direneko ikastetxeetako ordezkariei eman zaizkie gaur, eta EHUren webgunearen bidez (
http://www.sarrera.ehu.es) ere ikusi ahal dira. Bigarren zuzenketa eskatzeko epea ekainaren 14tik 18ra da, eta emaitzak ekainaren 21ean ezagutuko dira. Erreklamazioen prozesua ekainaren 29an bukatuko da. Bestalde, hautaproben ezohiko deialdia uztailaren 3, 4 eta 5ean izango da. Deialdi ohikoan gainditu ez dutelako edo kalifikazioa hobetu nahi dutelako deialdi ezohikora aurkeztu nahi dutenek berriro matrikulatu behar dute (deialdi ohikorako egindako matrikula ez da balioduna). Argazkia: © EHU.