Dragatze lanak gertu direla larrialdiko asanblada deitu du gaurko Abra Bizirik plataformak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 14a, 14:12

Bilboko Portu Agintaritzak badu jada Abra kanpoaldean, Punta Luzero inguruan, 50 milioi metro kubo harea eta itsas hondoko material erauzteko Espainiako Ingurumen Ministerioaren Baimena, Abra Bizirik Getxoko plataformak ohartarazi duenez. Uda ostean, iraila aldera hasiko homen dira "Ama Itsasoa harrobi moduan erabiltzen" aipatu eragileak ohartarazi duenez. Hori dela eta, ostiral honetarako, apirilak 14, larrialdiko deialdia luzatu die plataformak Abra osoko elkarte eta auzokideei. Arratsaldeko 7etan egingo dute asanblada, Algortako Portu Zaharrean, "denon artean Ama Itsasoaren kaltetze, pribatizatze eta ingurumen ondorio kaltegarri hauek nola geldi ditzakegun" aztertzeko. "Zoritxarrez, nahiz eta hasierako informe bat egon zen era guztietako ondorio kaltegarriak aipatzen zituena, argi ikusten dugu ingurumen, arrantza edo osasun arloko interesak zapalduak izango direla gutxi batzuen interes ekonomikoak medio", salatu du Abra Bizirik Getxoko plataformak. Dragatze lanek 6,5 milioi tona sedimentu kutsatu askatuko dituelakoak dira. Bitartean, bihar inauguratuko du 11:00etan Imanol Landa alkateak Getxoko Kirol Portuko atrakaleku berria. Argazkian, Abrako hondar erauzketa bertan behera uztea eskatu zuten Arriluzen 2012ko maiatzaren 13an.

Azti-tecnalia enpresak egin zuen lehen txosten batean (2012) era guztietako ondorio kaltegarriak iragarri zituen kostaldean, hondartzetan eta itsasoan. "Orain, hauen kutsakortasun maila handia frogatzen duen sedimentuez egindako ikerketa baten ostean, harriturik gaude ikusita nola txosten eta ondorioak zein instituzio autonomiko eta herriko batzuk (Getxoko Udala kasu) aurretik harturiko draga burutzearen erabaki politikoari atxeki zaizkiola. Jarrera horrek, Abraren kostaldean inoiz ezagutu dugun ingurugiroari eginiko eraso bortitzenari bide emango dio", adierazi du Abra Bizirik Getxoko plataformak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun