Sei kartelen artean aukeratuko dute herritarrek aurtengo Algortako jaietako irudia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 14a, 19:43

Aurretik zeuden bost kartelekin batera, seigarren bat izango da, horien guztien artean, aurtengo Algortako San Inazio jaietako irudia izango dena aukeratzeko. Jai batzordeak azaldu duenez, "epez kanpo izan bada ere kartel hau heldu berri zaigu eta eskaintza zabaltzea aproposagoa litzatekeela pentsatu dugu. Bozkatua izateko egun gutxiago izango baditu ere ez dadila aukera gabe geratu. Irabaz dezala onenak!". Bozketan parte hartu nahi duen guztiak mezua bidali beharko du aixerrota.jaibatzordea[abildua]gmail.com helbide elektronikora, izenburuan "Kartel Lehiaketa" jarriz eta edukian aukeratu duen kartelaren zenbakia zehaztuz: "Kartela 1", "Kartela 2, "Kartela 3", "Kartela 4", "Kartela 5" eta "Kartela 6". Horrenbestez, ekainaren 17a, astelehena, arratsaldeko 6ak arte, izango da bozkatzeko azken eguna. Irabazlea zein den erabaki artean, aurkeztutako kartelen egileen izen-abizenik ez du emango jai batzordeak. Gogoratu, uztailaren 27tik 31ra bitartean ospatuko direla aurten Algortako San Inazioak. Boto gehien jasotzen dituen kartela izango da horien irudia. Horren egileak, berriz, 100 euro jasoko ditu. Izan ere, Getxoko Udalak ezarritako murrizketak direla eta, kartel lehiaketaren saria ere txikitu behar izan dute.

Jai batzordeak azaldu duenez, San Inazioak antolatzeko diru-laguntzetik %20 kenduko du aurten Udalak. Horretaz gain, festak aurrera ateratzeko jartzen zituen baliabideen (argindarra, heziak, biltegi moduan erabiltzeko kontainerrak, mahaiak, aulkiak, komunak...) diru-partidetan "artazia ere sartu du" tokiko erakundeak. Anbulantziei dagokienez, aurrekoetan ez bezala, jai batzordeak berak ordaindu beharko ditu. Eta eszenatokiekin gertatutakoa ez da gutxiagorako. Udalak dituen bi agertokiak partekatu beharko dituzte jai batzordeek. Hartara,bestelako eszenatoki edo tarimarik jarri nahi izatekotan tokian tokiko antolatzaileek jarri beharko dute dirua. "San Inazioak eta Itzubaltzeta / Romoko festak jarraian izan arren, eskerrak ez gaituztela agertokirik gabe utzi", adierazi du Algortako jai batzordeak. Horretarako, Berangoko eta Urdulizko udalei bana eskatu die Getxokoak. Horiek guztiak batuta, "%20koa beharrean, %34koa izango da murrizketa", salatu dutenez.

Kartela 1

kartela 1

Kartela 2

kartela 2

Kartela 3

kartela 3

Kartela 4

kartela 4

Kartela 5

kartela 5

Kartela 6

kartela6
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun