Sopelako auzoak metro geltoki eta hondartzekin lotzen duen autobusak,
udako ordutegia izango du larunbat honetatik (ekainak 15) aurrera. Irailaren 15era arte, Sopelbusak maiztasun berriak izango ditu, eta ez dira iazko prezioak igoko. Aurtengo berritasun nagusia ordutegia jarraia izango da: autobusa martxan egongo da 07:00etatik 20:00ak arte, eguerdian atseden hartu barik. 07:00etatik 10:00etara ohiko neguko ordutegia eskainiko du, Atxabiribll eta Arriatera hondartzak Larrabasterrako metroarekin lotuz (08:00etatik 09:30era osasun zentroan, elizan, Urbaso tabernaren aurrean, egoitzan eta haurreskolan ere geldituko da). Udako ordutegian, berriz, 10:00etatik 20:00etara, sopeloztarrek eta bisitariek autobus bi izango dituzte eskura. Lehenengoa Larrabasterratik irten eta Arriatera hondartzara helduko da; eta bigarrena nagusien egoitzatik irten eta Atxabiribileko aparkalekura helduko da, ordu erdiko maiztasunarekin. Behin-behinean, Larrabasterrako autobus-geltokia Irubide tabernaren aurrean egongo da, herri-lanak direla eta. Prezioak iazko berberak izango dira: bidai bakoitzak 0,60 euroko kostua izango du, baina 10 euroko bonoa erosteko aukera egongo da 5 euroren truke. Argazkia: ©
Sopelako Udala.