
Datorren irailaren 21ean, 40 urte beteko dira Algortan Gwendolyne diskoteka Euskal Herria etorbideko (Francoren garaian "Avenida de la Hispanidad") 14 eta 16 zenbakien artean zabaldu zenetik, izena Julio Iglesiasen kanta batek eman ziola. Halere, lokala zuzendu zuen Restituto Perez Maeztu getxoztarrak eta bezeroa izan zen Javier Miguelek ezin izan dute irailera arte itxaron eta gaur antolatu dute areto mitikoa gogoratzeko jaialdia. Horretarako, bat egin dute Algortako 24 tabernarekin, bakoitzak ekitaldi bana antolatu duela. Arratsaldeko 8etatik aurrera, Algortan nahastuko dira 1973 eta 1999 bitartean "Gwendo" ezagutu zutenen gogorapen ezberdinak: Bilbori konpetentzia egiten ausartu zen diskoteka jaioberria, nazioarteko rockaren erakusleihoa, "puticrios"-a, "Getxo Sound"-en kontzergunea edo hainbat malko eragin zituen itxiera. Argazkian, Koldo Sierrak "Hachame" film laburra grabatu zuen Gwendolynen, 1996ko maiatzean / cc-by-nc Hormigon Estudio.