
Aratz Gorlizko dantza taldeak antolatuta, Gorlizko Dantzari Txiki Egunaren zazpigarren edizioa ospatzen dabiltza gaur, euskal folklorean murgilduta dauden neska-mutil txikien egun handia, alegia. Goizeko 11etan abiatu dute egitaraua taldeak Ibarretan elkartu direla. Hamaiketakoa egin ostean, kalejiran atera dira, herria zeharkatzeko asmoz. Geroago, 13:00ak aldera, berriro batuko dira dantzariak Ibarretan, agerraldiaren ostean batera bazkaltzeko. Halere, arratsaldean ere izango da zertaz gozatu, 15:30ean ikastetxean haur animazioa eta Ibarretan dantza alardea izango direla. Azken ekitaldia 17:30ean hasi eta 19:00etara arte luzatzea aurreikusita dago. Bestalde, gaur zein bihar ikusgai dago euskal jantzien erakusketa Sertutxena kultur etxean. Argazkian, Aratz dantza taldeko dantzari batzuk orain dela bi urteko Gorlizko Dantzari Txiki Egunean.