Idom enpresari kontratatutako aplikazio horrekin, Bizkaiko Foru Aldundiak "hondartzen kudeaketan informazioaren teknologia berriak sartzearen alde egin nahi du, eta, zehazkiago, erabiltzaileei eskaintzen zaien informazioaren zerbitzu publikoan sartu ditu teknologia horiek", foru iturrien arabera.
Aplikazioa erabili ahal izateko, sakelako telefonora deskargatu behar da lehenik, eta ondoren, interneteko konexioaren bidez, datuak egunera daitezke. Erabiltzaileak beren smartphone-tik Android Market edo Apple Store-ra sartu beharko dira, iHondartza aplikazioa bilatu eta doan instalatu. Smartphone-ek ez badute ez Android sistema operatiborik ezta iOS-ik (iPhone) ere, kasu horretarako web bat sortu da iHondartzak ematen duen informazio bera kontsultatu ahal izateko: http://iHondartza.bizkaia.net
iHondartzaren funtzionamendua "oso erraza" da, eta aplikazioan nahi den hondartza aukeratzea besterik ez du, haren inguruko informazio guztia jasotzeko.
Uribe Kostako 12 hondartza nagusiak eta Bizkaiko beste guztiak atzamarraren esku daude. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak hirugarren urtez jarri du martxan sakelako telefonoetarako iHondartza aplikazioa, lurraldeko hondartzei buruzko informazioa kontsultatzeko. Denbora errealean, eguraldiaren egoerari, hondartzen kokapenari eta zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzen duen tresna bat da iHondartza. Aurten, gainera, hondartzan medusarik dagoen jakiteko informazioa ere eskainiko du, eta hondartzan medusak daudela ohartarazteko bandera erabiliko du horretarako. iHondartzak ez ditu kalak eta Bola bezalako hondartza txikiak kontuan hartzen. Hortaz, honako areatzen informazioa eskura daiteke eskualdean: Areeta, Armintza (Lemoiz), Arrietara-Atxabiribil (Sopela), Arrigunaga, Ereaga eta Gorrondatxe (Algorta), Barinatxe (Getxo eta Sopela), Barrika eta Muriola (Barrika), Gorliz, Meñakoz (Sopela eta Barrika) eta Plentzia.