Amurrion izango da bihar, igandea,
Araba Euskaraz Arabako ikastolen jaialdia, “Mingaina kili-kili, euskaraz ibili” lelopean. Aurtengo jaialdiaren irabaziekin bertako Aresketa ikastola handitzea dute helburu, izan ere eurite eta elurteengatik teilatua erori zitzaien, eta horren ondorioz zenbait gela gimnasiora lekuz aldatu behar izan zituzten eta patioan gimnasioa eraiki. Egoera hori konpontzeko, baina, bihar milaka euskaltzaleren sostengua beharko dute. Baina alde ekonomikoaz gain, inguruan hizkuntz ohiturak aldatzeko ere baliatu nahi dute biharko festa, Aitor Garate ikastolako zuzendariak argitu duenez. Izan ere, Amurrion Euskal Herriko beste herri askotan bezala euskara jakin bai baina ez da nahi bezain beste hitz egiten. Aresketa ikastolak 36 urte betetzen ditu aurten eta biharkoa bere laugarren Araba Euskaraz izango da, eguraldi onak lagunduta, aurreikusita dagoenez. Ikuskizunak ez dira faltako, tartean Hesian, Izargi, Erramun Martikorena, Gozategi, bertsolariak, Irrien Lagunak, Izate Faltsua, En Todo el Sarmiento, Mandoilek eta Oihan Vega arituko direla. Ohi bezala, garraio publikoetan joatea gomendatu dute antolatzaileek. Uribe Kostarako Bilbon har daitekeen Urduñarako Renfeko trena aholkatu dute. Argazkian, Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias Hesian taldeko kideak pasa den apirilaren 20an, Plentziako Kandela Egunean.