Orain hiru urte eta erdi irekitako Plaza Beltza kulturgunea pasa den maiatzaren 31n itxi zuten behin betiko, lagapen hitzarmena ekainaren bukaerarekin amaituko dela. Handik hona, lokalez aldatzeko makina bat lan egin dute Plaza Beltzako kideek, lonja ezberdinak ikusi, behin behineko biltegiak aztertu eta kulturgunean den material guztia sailkatu, paketatu eta garraiatzeko antolatzea, kasu. Atzo gauean proiektuko kideek jakinarazi zutenez, lan horri segida emateko "laguntza eskatzeko" unea heldu da. Horregatik biharko, asteartea, auzolanak antolatu dituzte kulturgunean, goizeko 8etatik aurrera. Egin beharrekoak material guztia Plaza Beltzako lokaletik ateratzea eta Sopelako Udalak eskainitako leku batean uztea izango dira, "hurrengo egoitza ziurra izan arte". Giza laguntzaz gain, "furgonetak, kamioiak, asto-gurdiak edo bestelakoak" ekartzea ere eskatu dute eta baita norberak ezagunen artean auzolan deialdia zabaltzea ere. Argazkian, lokalaren inaugurazioa 2009ko azaroaren 6an.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!