Saharar herriaren egoera larria biltzen duen txostena aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 17a, 16:13

Saharar herriaren oroimen historikoa berreskuratzeko xedea duen "El oasis de la memoria. Memoria histórica y violaciones de los derechos humanos en el Sáhara Occidental" txostena aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Carlos Martin Beristain, medikua, Nazioarteko kontsultari eta aholkularia izan da ikerketaren zuzendaria eta Eloisa Gonzalez Hidalgo Nazioarteko Zuzenbidean doktorearekin batera txostenak idatzi ditu. Martinek hogei urte baino gehiagoko esperientzia du gatazka armatu eta indarkeriaren biktimekin lanean eta txosten honetarako 260 biktimen testigantzak bildu ditu. Egiaren Batzordeen jardunbideak erabiliz, ibilbide historiko berria egin du. Aurkezpena EHUko Bizkaia Aretoan egin dute eta bertan Saharatik heldu berria den Martinez gain, Carmelo Garitaonandia Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Luis Guridi, Hegoa Institutuko zuzendaria eta Juanma Balerdi, Euskal Fondoa elkarteko zuzendaria izan dira. Izan ere, EHUk eta Hegoa Institutuak argiratu dute bi liburukizko txostena, Euskal Fondoa elkarteak finantzatu du, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ekarpen ekonomikoa egin du. Argazkian, Carmelo Garitaonadia ezkerrean eta Carlos Martin Beristain, eskuman / © EHU.

"Guatemala. Nunca más" txostenaren koordinatzailea eta biktimekin lan egiteari dagokionez Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aholkularia da Carlos Martin Beristain, baita Egiaren Batzordeetako aholkularia Perun, Paraguain eta Ekuadorren ere; gaur, berriz, "El oasis de la memoria: memoria histórica y violaciones de derechos humanos en el Sáhara Occidental" txostena aurkeztu du, Eloisa Gonzalezekin batera zuzendu duena. Hegoa Institutuaren bitartez EHUk editatutako ikerlan honek Mendebaldeko Saharan giza eskubideen egoera eta memoria historikoa berreskuratu ditu. Inoiz egin ez den ibilbide historiko horrek Egiaren Batzordeen nazioarteko estandarrak betetzen ditu. Carlos Martin Beristain medikua eta Osasunaren Psikologian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hogei urte baino gehiagoko esperientzia du gatazkak pairatzen dituzten herrialdeetako gerren eta indarkeriaren biktimekin lan egiten.

Euskal Fondoak finantzatu du txostena, eta, horrez gain, Garapen Lankidetzaren Euskal Agentziaren ekarpen ekonomikoak ere jaso ditu. Bi urte inguruko ikerketa lana mila orri baino gehiagotan jaso da, bi aletan; horretarako, 261 biktimen esperientziak eta zuzeneko informaziorako sarbidea baliatu dira. Bakearen Nobel sariaren irabazle Adolfo Perez Esquivelen hitzetan, "txosten honi esker, indarkeriaren biktima den herri batek bizi duen egoera larria ikus daiteke, Marokoko gobernua dela tartean, gobernu horrek ez baititu Saharar herriaren eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbidea aintzat hartzen eta sistematikoki urratzen baititu. Txostenak dei egiten die nazioarteko komunitateari eta Nazio Batuak, Europako Parlamentua edota Europako Kontseilua bezalako erakundeei, gatazka larri hau konpontzen lagun dezaten, beste batzuek bezalaxe honek ere gizadiari egiten baitio kalte".

Metodologia: Egiaren Batzordeak

1975. urte amaierako exodoa eta 1976an Um Dreiga bonbardatu zutenetik 2010ean Gdem Izik kanpalekua desegin zuten arteko tartea hartzen du "El oasis de la memoria" lanak; horrenbestez, orain arte inoiz egin den ibilbide historiko osatuena da. Horrez gain, ikerketa lanetan ari zirela Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetako eta Mendebaldeko Sahara okupatuko biktima sahararrak elkarrizketatu dituzte. Ikerlana landa lanaren metodologian eta munduko hainbat herrialdetako Egiaren Batzordeen esperientzia aztertzen oinarritu da. Egiaren Batzordeak ikerketa erakunde ofizialak dira, aldi baterako eratzen dira eta ez dira judizialak; giza eskubideen kontrako abusuak ikertzen dituzte, Nazioarteko Zuzenbidearen kontrako krimenak barne, eta egia bilatzen dute.

Txostenaren lehen alean giza eskubideen urraketak aztertu dira, garai historiko desberdinetako kasu indibidual eta kolektiboen bitartez. Horrez gain, herritar saharar zibilei aplikatu zaien indarkeriaren modus operandi delakoa ere jaso da. Bigarren alean urraketek biktimengan izan duten eragina aztertu da, ikuspuntu indibidualetik eta familia ikuspuntutik. Bukatzeko, biktimek egindako eskariak landu dira egia, justizia eta konpontzea lortzeko, nazioarteko estandarrei, nazioarteko esperientzia konparatuari eta Maroko estatuak orain arte emandako erantzunei dagokienez.

Carlos Martin Beristain

Martin Beristain medikua eta Osasunaren Psikologian doktore da EHUn, eta hogeita lau urte daramatza indarkeriaren biktimekin eta giza eskubideen aldeko elkarteekin lanean Latinoamerikan eta Euskadin. "Guatemala. Nunca más" txostenaren koordinatzailea izan zen, eta Peru, Paraguai eta Ekuadorreko Egiaren Batzordeetan aholkulari gisa aritu da. Hainbat ikerketa proiektuetan parte hartu du. Txostenak prestatu ditu Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrerako, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aholkulari izan da biktimekin lan egiteari dagokionez; Afrika Erdiko Errepublikan, Kenyan eta Kongon aholkulari gisa ere aritu da.

Horrez gain, irakaslea ere bada Garapenerako Lankidetza masterrean, errefuxiatuen arretari buruzko moduluan (EHUko Hegoa Institutuan), eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakearen Kultura Diploman, Gatazka Egoeretan jarduera psikosozialen eta perspektiben moduluan. Giza eskubideei buruzko hogeita hamar argitalpenetik gora plazaratu ditu, bakarrik zein beste autore batzuekin batera; besteak beste, lan hauek aipa daitezke: "Afirmación y resistencia" (Virus), "Reconstruir el tejido social" (Icaria), "Diálogos sobre reparación" (IIDH), "Manual sobre perspectiva psicosocial en la investigación de derechos humanos" (Hegoa), "Contribución de las políticas de verdad, justicia y reparación a las democracias en América Latina" (IIDH) eta "Acompañar los procesos con víctimas" (PNUD).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun