Ospakizunek iaz abiatutako jai-eredua izango dute hizpide: batetik, Jai Batzordeak txalotu nahi du herriko hainbat elkartek, kirol taldek eta koadrilek egindako lana. Bestetik, emakume eta gizon, neska eta mutilen arteko parekidetasuna sustatu dute, jaien alderdi guztietan. Horretaz gain, euskaraz bizi nahi duela aldarrikatu du Jai Batzordeak, "eta jaietan are gehiago!". Azkenik, jai parte-hartzaileak sustatuko dituzte: "sopeloztarrak gara jaien protagonista eta jaietan aktiboki parte hartuko dugu!", azaldu dutenez.
Berrikuntzak egitarauan
Balore horietan oinarrituz, aurtengo jaiak berrikuntzaz beteta datoz:
- Herri-bazkaria geroz eta herrikoiagoa izango da, bai Sopelan bai Larrabasterran: helburua adin tarte ezberdinak erakartzea da urtero antolatzen den herri-bazkarian. Jauregizar plazan ospatuko da aurten eta ludoteka zerbitzua egongo da.
- Aurten herri-bazkariak beste berezitasun bat izango du: zero-zabor filosofiarekin bat egingo dute eta beraz, ondokoa eskatuko diete parte hartzaileei: etxetik sardexka eta edalontzia eramatea.
- Larrabasterran play back lehiaketa mundiala ospatuko da eta gura duten talde guztiek bertan parte hartzeko aukera izango dute.
- Sopelako jaietan familiarteko jolasak antolatuko dituzte, gurasoek eta euren seme-alabek aktiboki jaietan parte har dezaten.
- Larrabasterran, familia-ginaka, karaokea eta skate ikastaroa izango dute Asanblada Feminista, Peñatxuri eta Ander Deuna Ikastolaren eskutik.
- Larrabasterrako jaiei hasiera emateko, itsasoko izakien kalejira ospatuko dute: marrazoak, surfistak, arrantzaleak, amarratsak, karramarroak... aukera zure mozorroa eta animatu!
- Larrabasterrako pregoia eta txupinazoa Peña Txuri taldeko surfisten eskutik izango da, sardina-jana herrikoia barne.
Iaz bezala, jai koloretsu eta garbien aldeko apustua egin dute, auzokideenganako errespetua eskatuz.
"Azkenik, jaiak goza ditzazuela espero dugu, herriko kaleak, plazak, tabernak eta txosnak umore onez betez. Gora Sopela eta Larrabasterrako jaiak!", adierazi dute Jai Batzordetik.
Jaietako kartelen irabazleak
Programaren aurkezpenean ere aurtengo jaietako kartelen irabazleak nortzuk izan ziren jakinarazi zen.
- Umeen kategorian: Mikel Bonmarito.
- Gazteen kategorian: Marina Landa / Izaro Lizanasoro.
- Sopelako egile baten kartelik onena: Carlos Mezo.
- Sari nagusia eta aurtengo jaietako kartelaren irabazlea: Naiara Etxaiz.
Beraz, jaietako kartel lehiaketaren aurtengo irabazlea Naiara Etxaiz izan da, eta 300 euro eta 200 euroko bonoa jasoko du herriko dendetan xahutzeko.
Sopela eta Larrabasterrako jaiak (pdf)