Bost egunetan zehar, mundu osoko 25 zientzialari eta ikertzailek (AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Belgika, Grezia, Suitza, Txile, Norvegia...) bertaratzen direnen interesa piztuko dute, hainbat gai landuz: kostaldeen eta portuen kudeaketa eta itsas trafikoa; kutsatzaile iraunkorrak eta sortu berriak; estuario hondatuen kudeaketa; ozeanoen osasuna babesteko erronka berriak; bioteknologiak ozeanoen babes eta balorizazio iraunkorrerako eskaintzen dituen aukerak; eta ingurumena babesteko, itsas baliabide berriak kudeatzeko eta biodibertsitatea zaintzeko balio dezaketen biobankuen aplikazioak.
Gai horiek otsailean Donostiako Aquariumean egindako RiMER ikastaroaren lehen moduluan landutakoen osagarriak dira. Modulu horrekin hasi zen EHUn ematen den eta duela gutxi sortutako Plentziako Itsas Estazioan (EHUk koordinatzen duen Itsas Baliabideak eta Ingurugiroa Erasmus Mundus Masterraren egoitza) gauzatzen den masterreko prestakuntza programa.
80 tesi inguru
2006/2007 ikasturtean MER masterra martxan jarri zenetik, RiMER ikastaroan landutako alderdi gehienak barne hartzen dituzten masterreko 80 tesi inguru egin dira. Ikasleek Erresuma Batuan, Frantzian, Belgikan eta Espainian profesional gisa aritzeko gaitasuna ematen dien titulazio anizkoitz bat lortuko dute. Mundu osoko 20 herrialde baino gehiagotako 36 ikaslek jasoko dute prestakuntza masterraren zortzigarren edizioan (2013-2015), Erasmus Mundus bezala egingo den lehena. Ikasle horiek MER 2013-2015 masterrean sartzeko eskaera egin zuten 400 hautagai baino gehiagoren artean aukeratu dira.