Postetxean, hainbat abeslarik grabatu duten abestia eta bideoa aurkeztu eta Gure Esku Dago dinamikaren nondik norakoak azalduko dituzte. "Zergatik erabakitzeko eskubidea? Eskubide pre-politikoa, demokratikoa eta unibertsala delako eta herri honen sentsibilitate guztien elkargunea sortzen duelako", adierazi dute aurreko aurkezpenetan. Izan ere, Gure Esku Dago ekimenaren helburuak "erabakitzeko eskubidearen beharra, aukera eta zilegitasuna gizarteratzea eta herritarrak aktibatzea" dira. "Guzti hori errespetua eta batuketan oinarrituz eta jarrera positibo batekin, gure printzipioak dibertsitatea eta aniztasuna direlarik. Hiru ideiatan oinarritzen dira: nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta etorkizuna herritarron esku dago".
Gauzak horrela, ostiralekoa eskualdean egingo den hirugarren aurkezpena izango da, hilaren 13an Plentziako Goñi Portalean eta hurrengo egunean Sopelako Kurtzio kultur etxean egindakoen ostean. Besteak beste, Sopelan Zelai Nikolas eta Iñigo Urrutia izan ziren. Jendaurreko aurkezpena egiteaz gain, gonbitea luzatu zuten ekimen horretan parte hartzeko. Azpimarratu zuten ekimenak ez duela inolako dependentziarik alderdi politikoekiko. Haien hitzetan, "euskal herritarrok bermatuta eduki behar dugun gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, oso eskubide garrantzitsua da bakarrik politikoen esku uzteko".
Gure Esku Dago zer den 7 minutu eta erditan azaltzen duen bideoa (cc-by-sa Gure Esku Dago)
Gure Esku Dago abestiaren bideo-klipa (cc-by-sa Gure Esku Dago)
Gure Esku Dago ekimenaren Ficobako aurkezpenerako egindako bideo deialdia (cc-by-sa Gure Esku Dago)