San Juan jaiak bihar abiatuko dira Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko eka. 20a, 16:50

Bihar, ostirala, emango diete hasiera San Juan jaiei Barrikan. 19:30ean botako dute txupinazoa, ekitaldiz beteriko lau egunei hasiera emanez. Astelehenera bitartean urteroko hainbat ekitaldi izango dira, horien artean: sardina eta saiheski jan herrikoiak, nekazaritza eta artisautza azoka, sukalki lehiaketa, herri kirolak... Musika ikuskizunak ere izango dira, tartean Some Days Out eta "Enkore musika taldeek joko dutela; eta nola ez, etxeko txikiei zuzenduriko ekintzak, Hipo eta Tomax pailasoen emanaldia eta Oliver magoa. Besteak beste, bihar bertan, multikirol jardunaldia izango da. Bai txikiek, bai gurasoek arratsalde dibertigarria igaroko dute piragua, tenis eta padel bezalako ekintzak egiten. Udal Kultur Gunean izena eman daiteke zein Barrika Piragua Taldera edo Abaroa Tenis Taldera joz, horretarako azken eguna gaur dela. Argazkia: cc-by-nc Borja Iza.

Larunbatean, berriz, II. Ibilaldi Herrikoia izango da. Aurten, bi ibilbide egongo dira, bata luzea 13,5 kilometrokoa eta beste bat laburragoa, 3,5 kilometrokoa. Ibilbide luzearen irteera goizeko 9:30etan izango da Golfo Norteko aparkalekutik. Ibilbide laburraren irteera, aldiz, beranduagoa izango da, goizeko 11etan. Amaieran pintxo eta pote bat izango da partehartzaile guztientzat. Gainera, txikiek ibilaldiaren garaikurra jasoko dute. Horretaz gain, herri kirol erakustaldia (sokatira eta gizon proba) eta haurrentzako bitsa jaia egongo dira inguruan bertan.

Ibilaldirako izen-ematea doakoa da eta aurretik egin daiteke Udal Kultur Gunean (946 775 163) edota egun berean, goizeko 8:30etatik aurrera, Golfo Norteko aparkalekuan.

Barrikako San Juan jaietako egitaraua (pdf)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun