Ekainaren 23an helduko da San Juan jaia. Arbasoengandik ikasitako jentilen usadioari jarraiki, sua izango da udako solstizioari ongi etorria emateko protagonista nagusia.
Barrikan eta
Leioan bezala, Berangoko Lantzarteko zelaietan neska-mutilen ilusioa ere piztuko dute sugarrek. Zirika Zirkus taldearen eskutik, haurrentzako dantzaldia izango da bertan, 19:30etik aurrera. Ondoren, hurbildutakoen artean txokolatea, "txoripanak" eta sagardoa banatuko dute. Mokadu ezin hobea Xaibor DJak eskainiko duen saiorako indarrak hartzeko. Bitartean, Algortan, Umeen San Juan sua antolatuko dute Gorrondatxe Kultur Elkarteak, Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE), Bizarra Lepoan eta Egizu Getxo Euskaldun! elkarteek, UKTESTek eta Zabala eskolako guraso elkarteak. Telletxe plazan izango da, 17:00etatik aurrera, makillaje-tailerra, Tor magoaren ikuskizuna, txalapartarien eta bertsolari gazteen saioa, txokolatea eta kantu herrikoiak izango direla. Getxoko Txorimalo gaztetxean, berriz, Solstizio Gaua ospatuko dute, arratsaldez, prestaketa lanak (18:00), burduntzia eta txokolatada (19:00) eta sua (22:00) eginez.